Iraurgi Saskibaloi Elkartea

 

.1960. hamarkadaren hasieran eman ziren Urola bailaran saskibaloian federatuta jokatzeko lehenengo tentaldiak. Saskibaloian jokatzeko zegoen gogo hartan aurrera egin eta 1972an bailaran eratu zen estreinako talde federatua, jubenil mailan: Anaitasuna Illarra. Azkoitiko futbol klubaren izena hartu zuten, horrela federatu ahal izateko eskatzen ziren estatutuak egiten hasi beharrik ez zutelako.

Sasoi hartan, Urola bailaran saskibaloian jokatzea mirari txiki bat zen. Lan saioak egiteko leku bat izatea ez zen gutxi ordurako. Anaitasuna Illarra taldeak urtebeteko bizia izan zuen. Hala ere, lagun talde bat aurrera jarraitzeko prest zegoen, eta hurrengo urtean bertan, 1973an, taldea berrosatu egin zen eta Lagun Onak izena hartu zuen.

Nesken talde bat ere aritzen zen lan saioak egiten eta horrela, 1975-76 denboraldian federatu zen nesken lehen taldea. Saskibaloia Gipuzkoako sakoneko bailaran kirol berria zenez, taldekoei etengabe sortzen zitzaizkien arazoak, ahal zuten bezala zuzendu beharrean izaten ziren. Bailarako saskibaloi talde federatuak, 1978-79 denboraldia arte, Lagun Onak izena mantendu zuen. Urte horretan, klubari izena aldatzea hobetsi zen eta handik sortu zen Iraurgi.

Iraurgi sortu zenetik, Urola bailarari egin dizkion ekarpenetan bi azpimarratu behar dira. Lehena, Urola bailarako eskolarteko kirola bultzatzen izan duen ardura, hau da, 1980. hamarkadatik haurrak kirol mundura sartzearen alde egin den lana. Eta bigarrena, hein handi batean eskolarteko kirola sustatzeak ekarri zuena, eta zuzenki Iraurgiren helburuen artean ez zegoena, hain zuzen, Iraugik bailarako emakumeak kirol mundura sartzen izan duen garrantzia.

Iraurgik 1990. hamarkadan aro berri bati hasiera eman zion, kiroldegien aroari, Azkoitiak eta Azpeitiak kiroldegia ireki berri zutelako. Esan daiteke Iraurgik bere sorreratik planteatu zituen helburuak mamituak zituela. Kirol proiektua inoiz baino indartsuago zegoen. Zortzi talde federatu izatera iritsi zen eta seniorrek Bigarren Mailan lau urte egin zituzten. Baina, urte hauetan klubeko antolakuntza desegituratze aro batean amildu zen.

Azken urteetan gauzak aldatuz joan dira. Orain urte batzuk, kluba desegiteko arriskutan zela ikusita, atzera berregituratzeari ekin beharrean zirela jabetu ziren. Horrela zenbait pertsonek klubaren gidaritzan buru-belarri sartu ziren. Gurpilak beste bira bat eman zuela esan daiteke, eta berriz ere oinarri sendoarekin, atzera begiratu eta lortu den eskarmentuarekin, kluba behar bezala egituratzeko gai izango zela uste zuen Iraurgik. Berriro hasi zen zuzendaritza jarraitzaileak kiroldegira gerturatzeko moduak aztertzen, eskolarteko txapelketan gonbidapenak banatzen ziren, partiden atsedenaldian hiruko jaurtiketen txapelketa antolatzen hasi zen, babesleen kontua zaindu egin zen, bilerak eguneko ordena emanez egiten ziren etab. Informazio gehiago nahi izanez gero: hemen