Baite Azpeitiko Euskara Elkartea

Baite Euskara Elkartea 2001eko otsailaren 10ean sortu zen. Herriko euskalgintza osoak sortu zuen. Ia hiru urteko ibilbidearen ondoren, 2003ko azaroaren 29an bazkideen ez-ohiko batzarrean Baite, Uztarria Kultur Koordinadorarekin bat egitea erabaki zen, eta, ondorioz, Baite elkarte gisa desegitea baina bere proiektuak eta funtzionamendua Uztarrian txertatzea. Gaur egun, Uztarria Kultur Koordinadorako euskara arloak betetzen du Baiteren egitekoa.

 

EUSKARA ELKARTEAREN SORRERA (2001-02-10)

Azkenengo urtebetean, Azpeitiko euskalgintza (ikastetxeak, elkarteak, erakundeak...) bilera batzuetan ibili da, hausnarketa egin eta herrian zerbait egin nahian. Azpeitia arlo batzuetan oso herri euskalduna izan arren, bada euskara oso gutxi edo batere erabiltzen ez den arlorik ere. Azpeitian euskarak bizi duen egoera uste dena baino pattalagoa da: enpresak, dendak, anbulategia, epaitegia, gaztelerazko prentsa irakurtzeko joera... Kezka horiek guztiak medio hasi ginen elkartzen, eta denok batera euskalduntze plan bat martxan jarri beharra ikusi zen, Azpeitia behingoz herri guztiz euskaldun bihurtu asmoz.

Lehendabiziko bilera apirilaren 14an izan zen, Aitonenako aretoan. Bilera hori Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu zuen, Euskal Herri mailan garatzen ari den plangintza azaltzeko. Bilera hartan, Azpeitiko euskalgintzak beste bilera baterako geratzea erabaki zuen.

Horren ondoren, herrian euskalduntze plangintza bat garatu asmoz, Azpeitiko euskalgintza bi astean behin edo biltzen hasi zen. Ondorengo talde guztiak biltzen gara bileretan: herriko ikastetxe guztiak (Urola BHI, Karmelo Etxegarai, Ikasberri, Betharram, Iraurgi, Jesusen Alabak, Milagrosa), Uztarria Kultur Koordinadora, Udal Euskaltegiko langileak, AEK, EHE eta Erniarraitz Bertso Elkartea.

Hasierako pausoak elkar ezagutzera bideratuak izan ziren. Azpeitiko euskalgintzan ez da sekula horrelako gune zabalik egon, eta, beraz, hasieran nahiko lan bazen elkar ezagutzen eta helburuak zehazten.

Irailean Kontseiluaren gutun bat iritsi zitzaigun, herri batzuetan euskalduntzeko esperientzia pilotu batzuk martxan jarri nahi dituela eta. Kontseiluak hiru hanka nahi ditu prozesu hau martxan jartzeko: herriko euskalgintza, herriko udala eta herriko gizarte eragile garrantzitsu batzuk.

Hori dela eta, Azpeitiaren hautagaitza aurkezteko sinadurak biltzeari ekin zitzaion. Euskalgintzaren aldetik, guztiek sinatu zuten. Gizarte eragile garrantzitsu batzuek ere sinatu zuten. Udala ere inplikatu nahi denez, gutun bat bidali zitzaion, eta Udalak ere sinatu zuen.

Azaroaren 14an Kontseiluaren erantzuna jaso genuen, Azpeitia esperientzia pilotua izateko hautatua izan dela jakinaraziz.

Horren ondoren, herrientzako prestatutako mintegi batera joan ginen, Eibarrera. Prestakuntza mintegi hau herrietako plangintzaren motorra izango direnentzat prestatu zuten; herriko euskalgintzakoentzat, hain zuzen. Azpeitiko euskalgintzatik 11 kide joan ginen bilera horretara. Bertan, Kontseiluak herrietako plangintza zehatz-mehatz azaldu zuen, eta herri bakoitzak dituen kezkak ere entzun zituen, baita erantzun ere.

Horren guztian ondorioz, erritmoa pixka bat azkartzea erabaki genuen. Gure helburuetako bat herriko plan estrategiko martxan jartzea zela ikusirik, Euskara Elkartea sortzera bidean pausoak sendotzea erabaki zen.

Batetik, Elkartea legeztatzeko bideak jarri genituen. Horrela, estatutuak (helburuak, izaera, funtzionamendua…) zein izango ziren zehaztu, eta erregistratu egin genuen. Horretarako, Zuzendaritza Batzorde bat izendatu genuen. Iazko abenduaren 29tik aurrera elkarte bezala erregistratuta dago Baite Euskara Elkartea.

Gaur, berriz, 2001eko otsailak 10, Baite Euskara Elkartearen aurkezpena ari gara egiten. Azpeitiko euskalgintzaren batasunaren fruitu da elkarte hau, guztiok bat eginda indar handia dugulakoan gaude, eta anbizio handiz ekingo diogu erronka honi. Oso-oso elkarte anitza eta zabala da Baite, eta proiektu hau herrira zabaldu nahi dugu, gizarte eragileen eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa lortzeko.

BAITE EUSKARA ELKARTEAREN IZAERA ETA HELBURUAK

Baite Euskara Elkarteak honako ezaugarri hauek ditu izaera aldetik:

– Euskaltzale guztiei irekia egongo da. Beraz, parte hartu nahi duten guztiei dei egiten diegu gurekin bat egitera.
– Bere jarduera, euskara normalizatzeko beharrezko eta egoki diren lan eta ekintzak antolatzea izango da.
– Bazkideen lana bideratzeko bilgune ere izango da. Oso epe laburrean Baite-k bazkideak lortzeko kanpaina bat egin asmo du. Guztion beharra du Azpeitiko euskarak, eta horregatik ahal den bazkide gehien lortzen saiatuko gara.
– Bazkideek erabaki eta onartu beharko dute jardueren plangintza, eta ondoren hori burutu ahal izateko lana bideratu.
– Beste edonolako elkarte, alderdi politiko edo erakundeekiko funtzionamendu autonomoa izango du. Ez du inongo eta inoren morrontzarik. Beraz, bere jokabidea ahalik eta estuen lotuko zaio izaera horri.
– Egitasmoak burutzerakoan, ahal den heinean Udalarekin elkarlanean jarduten saiatuko da.
– Euskararen aldeko lan edo antolaketa beste elkarte edo erakundeekin koordinazioa eta elkarlana mantenduko du funtzioen errepikapena saihesteko.

Baite Euskara Elkartearen helburuak:

Azpeitiko Baite Euskara Elkartearen azken helburua Azpeitian euskara normalizatzea da, horretarako bitarteko helburu nagusiak hauek izanik:

– Herrian euskara eta euskaltzaletasuna bultzatzea.
– Herrian euskaraz bizi ahal izateko lan egitea.
– Herrian euskarazko kultur espresioak antolatzea eta bultzatzea.
– Herrian euskarari buruzko informazioa zabaltzea.
– Herrian euskarazko komunikabideak bultzatzea.
– Herrian euskaraz bizi ahal izateko bertako euskaltzaleen elkarlana bideratzea, herriko bizitza euskalduntzeari indar emanez.
– Euskaltzaleak biltzea, honek euskaldungoa anima eta erdaldungoa erakar dezan, herrian euskaraz bizi ahal izateko.
– Euskararekiko dugun jarreraz hausnarketa autokritikoa bideratzea.

Oraintsu azaldutako ekintzen kaltetan gabe, elkarteak, bere helburuak betetzeko, honakoak egin ahal izango ditu:

– Bere helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako ekonomia ekintzak gauzatzea.
– Era guztietako ondasunak eskuratzea, eta era guztietako ekintzak eta hitzarmenak egitea.
– Nolanahiko ekintzak burutzea, betiere legeekin eta bere estatutuekin bat etorriz gero.

Hauxe da, beraz, orain arteko bileren kronologia, eta hauxe Baite Euskara Elkarteak dituen izaera eta helburuak. Euskalgintza osoak bat egin du, eta asko da hori, baina herrira begira egiteko duguna ere asko dugu.