Azpeitiko Zine Kluba

1976ko urriaren 1ean egin zuen Azpeitiko Zine Klubak bere estreinua, Soreasu Antzokian. Zine Kluba sortu zenean, herriko hainbat zine zale zeuden taldean, hala nola, Aitor Aldalur, Xabier Arenas, Pepe Azpiazu, Jabier Beloki, Pello Elorza, Ramon Etxeberria, Olatz Larraņaga... Zine zaletasun horrek bultzatu zituen hain zuzen ere Zine Kluba martxan jartzera. Horrela, hamabostean behin, Soreasu Zinema Aretoan pelikulak botatzeko ardura hartu zuen taldeak. Zine-forum saioen helburua, pelikulak bukatu ondoren hausnarketa eta eztabaida sortzea zen.

Azpeitiko Zine Kluba sortu aurretik, ordea, Azpeitian gutxienez beste bi zine klub izan ziren. Bata, OARGIko gazteek antolatu zuten. Garai haietan zailtasun handiak zeuden kultur ekintzak antolatzerako orduan. Hala ere, OARGIkoek asmatu zuten lan hau egiten.

Talde hau desagertu ondoren, urte batzuk geroago, aita Bengoak zuzentzen zuen taldea sortu zen, "bengoistak" izenarekin ezagutzen zirelarik. Taldeak Soreasun zine emanaldiak emateari ekin zion. Emanaldi hauetan, pelikula bat aurkezten zuten eta ondoren pelikularen gainean eztabaida egiten zen.

Baina Zine Kluba martxan hasi aurretik hainbat bilera egin behar izan zituzten, Santiago kaleko Iraurgi Elkartean eta, gero, Etxe-Zuriko tabernan. Bilera horietan, lanak banatu, ardurak hartu, pelikulen kontratazioak egin, egunkarietarako abisuak egin etab. egin beharra zegoen.

Azpeitiko Zine Klubak bere ibilbidean zehar hainbat pelikula egin ditu, besteak beste eta batzuk aipatzearren:

-"KUTSADURA" (1977):

Pelikula honen muina ibai baten jaiotza eta kutsaduraren eraginez gertatzen den heriotza da. Super-8koa da pelikula. Zestoako II. Topaketetan aurkeztu zen eta arrakasta handia lortu zuen. Donostian egin zen Nazioarteko Zinemagintza Amateurren Festibalean brontzezko domina lortu zuen, dokumental sailean.

-"ZINE EGILEEN LEHENENGO PAUSUAK" (1978):

Urte horretan ikastaro bat eman zuen Zine Klubak eta han jasotako jakingaiekin honoko pelikula egin zuten. Irudien bidez tripodea nola hartu eta erabili, zer diren eta nola egiten diren trabelinak etab. ikus daiteke.

-"GIZONA-LANA-MAKINA" (1978):

Edozein lantegiko kate batean lana egiten duen pertsona baten istorioa kontatzen da. Azkenik, makina bat gehiago izanez bukatzen duen langile baten barne istorioa. Pelikula honek, Donostiako Nazioarteko Zine Amateurreko Zinemaldiaren sailkapen orokorrean brontzezko domina lortu zuen. Baita Zinemaldi berean 1. saria, argumentuzko pelikulen artean.

-"EQUINOXE" (1980):

Itsasoaren irudiekin egindako montaketa bat da. Hainbat sari lortu zituen, besteak beste, Lekeition argazki onenari aipamen berezia, Zallan irabazle eta Gasteizen, bigarren, dokumental mailan.

-"KOKLES" (1981):

Aitona baten, bere ilobaren eta heriotzarainoko fideltasuna izan zen historiaren mamia. 1982an Balmasedan, Euskarazko filme onenaren saria lortu zuen. Urte berean, Zallan filme onena.

-"AZKEN LAMIA" (1982):

Pelikularen iraupena 27 minututakoa da. Pelikula honetan, lamien historia kontatzen da, nola garai batean, lamiek artzaiak eta baserrietako mutilak liluratzen omen zituzten.

-"MATEO TXISTU" (1987):

Pelikula Euskal Herrian hain ezaguna den ipuinean oinarritzen da. 30 minutuko iraupena du pelikulak.

Azpeitiko Zine Klubak 2001ean bete zituen 25 urte. Hori zela-eta, liburu bat kaleratu zuten, taldearen historia eta bitxikeria guztiekin, "Azpeitiko Zine Kluba, 25 urte fotograma artean".

2005ean utzi zuten Zine Kluba ordura arte taldean lanean aritu zirenek.

2006ko urrian gazte talde batek hartu zuen aurrekoen lekukoa, eta Zine Kluba berriz martxan jarri zuten.