Azpeitian Gazteok Zer!?

Azpeitian Gazteok Zer?! taldea orain dela zortzi urte sortu zen. Gazteok pairatzen ditugun arazoak ikusirik eta hauei irtenbidea emateko edota arazo hauen inguruan lan egiteko asmotan, lagun talde bat elkartu zen. Ondoren, Azpeitiko gazteei zabaldu zitzaien eta erantzun ona eduki zuen herriko gazteengan.

Azpeitiko gazteok, Euskal Herri osoan bezalaxe, hainbat arazo ditugu. Gaur egungo sistemaren ondorio diren langabezi arazoa, lan-baldintza kaxkarrak, etxebizitzaren arazoa, drogen kontsumo masiboa, sexu askatasun eza… egunero bizitzen ditugu. Arazo hauei gehitu behar zaie Azpeitiko kuadrilen arteko elkar komunikazio eza. Kuadrila bakoitzak bere txoko finkoa du eta beste kuadrilekin dagoen harreman falta hori arazo larritzat jotzen dugu.

Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak arazo hauen inguruan lan egiten du gazteon arteko eztabaidak, hitzaldiak, bideo-emanaldiak… bultzatuz eta antolatuz, eta bestaldetik, elkarren arteko komunikazioa bultzatzeko eta arazoei irtenbidea aurkitu asmoz, aisialdirako ekintza batzuk antolatzen ditugu (futbito txapelketa, ikastaroak, mendi irteerak…).

Baina guzti honen inguruan lan egiterakoan, beti arazo batekin egin izan dugu topo, gazteok gune fisikorik ez edukitzearena hain zuzen. Ez dugu lekurik bilerak egiteko, eztabaidak egiteko, bideo emanaldiak emateko eta abar. Eta honi gazte mugimenduan talde batzuk badaudela gehitzen badiogu arazoa biderkatu egiten da. Bestalde, lehen aipatu dugun komunikazio ezari irtenbidea emateko gunearen beharra ikusten dugu, gunean elkartuko ginatekeelako Azpeitiko gazte ezberdinak.

Gazte gunearen inguruan garbi utzi nahi dugu gune autogestionatu bat eskatzen dugula. Autogestionatua diogunean esan nahi dugu gazteon ardurapean egongo den gazte gunea izan beharko lukeela, hau da, bertako ekintzak, garbiketa lanak, mantenimendua…herriko gazte ezberdinen arteko antolakuntzaz eta iritzi ezberdinak kontuan harturik emango liratezke aurrera. Horrekin ez dugu esan nahi bertan itxita geldituko garenik, gauzak beti ere herrira zabaltzen saiatuko gara eta beste eragileen arteko iritzi trukaketaren bidez gauzak hobetzen saiatuko gara. Autogestioarekin gazteok geure kabuz bizitzen ikastea bultzatu nahi dugu eta horretarako beharrezkoa ikusten dugu elkarbizitzan eta zabaltasunean oinarritutako gune bat, gazte ezberdinak batuko gaituen gazte gune bat.