Euskarazko prentsa eta Azpeitia

Uztarria Kultur Koordinakundea

 

Euskarazko prentsak funtzio garrantzitzua betetzen du hizkuntz komunitatean. Euskal Herri mailako hedapena eta lotura mantentzen duen elementu apurretako bat da. Bestetik, euskaraz bizitzea posible egiten duen ezinbesteko elementua da”. Hala zioen duela lau bat urte Jon Sarasuak Euskalkom jardunaldietarako prestatu zuen txostenean; eta hala onartu zen jardunaldi haietako ondorioetan.

Egun, esanahi guztia mantentzen du baieztapen hark. Irrati eta telebistetan egindako bidea gutxietsi gabe, euskarazko prentsa izan baita, dudarik gabe, azken urteotan euskararen gorpuzte, modernizatze eta eguneroko beharretara moldatzeari mesederik handiena egin dion medioa. Baita Internetek eta teknologia berriek euskarari ekartzen dizkioten erronken kontzizentzia hartu eta horiei aurre egiteko oinarriak jartzen hasteko orduan ere.

Eta hala eta guztiz ere, laguntza eta babes publiko txikiena jaso duen komunikazio arloa izan da urteetan. Egun, gauzek hobera egin badute ere, oraindik arazo larriak bizi ditu euskarazko prentsak bere azpiegitura indartu eta gizarte presentzia hazteko. “Hazi nahi, hazi behar eta hazi ezin. Irits litekeenera iritsi ezina da egoeraren laburpena”, jarraitzen zuen Sarasuak aipatutako lanean. Eta ordutik hona hazi, hazi egin bada ere, hazkunde horren oinarriak ahulak dira oraindik.

Gaur (Egunkaria itxi aurretik) nazio mailako euskarazko egunkari bat, informazio orokorreko bi astekari eta publiko eta behar mota desberdinei zuzendutako gai eta maiztasun zenbaiteko aldizkari gutxi batzuk ditugu eskura (haurrentzakoak, dibulgaziokoak, akademiko-pentsamenduzkoak...). Egunkaria-k 13.000 ale saltzen ditu egunero eta 30.000 irakurle inguru; besteak kopuru horietatik oso behera daude.

Horien ondoan, Asier Arangurenek duela urte batzuk bildutako datuen arabera, (1999an) euskarazko 46 aldizkari lokal daude (Uztarriarekin 47): 28 Gipuzkoan, 11 Bizkaian, 6 Nafarroan eta 2 Araban. Guztira 122.000 ale bota eta 427.000 irakurle izango lituzkete; alegia, hiru euskaldunetik bik euskarazko aldizkari lokalen bat irakurriko lukete.

Ikus daitekeenez, aldea ikaragarria da. Prentsa lokala izugarrizko tresna eraginkorra izan da euskaldungoa idatzitako euskarara erakartzeko, euskaraz irakurtzeko ohitura minimo batzuk sortzen laguntzeko. Are gehiago: euskarak bere egin du, telebistan ez bezala, bertako, eremu lokaleko informazioaren mundua, aurrea hartuz, modu nabarmenean gainera, gaztelerari. Eta ez edozein modutan, gainera, baizik eta gehienetan, Uztarriaren kasuan bezala, prentsa eta komunikazio eredu aurreratu, ausart, bizi eta modernoarekin. Baina eremu lokal horretatik haratago amildegia dago.

Irakurleak behar. Irakurleak behar ditu euskarazko prentsak, baina ez ditu horiek eremu lokaletik kanpo aurkitzen. Bai Euskarariren Prentsa idatzia txostenean gazteak aldagai garrantzitsutzat jotzen dira kopuruei bultzada bat emateko, eurak baitira prestakuntzarik handiena dutenak euskaraz irakurtzeko. Baina, era berean, onartzen da publiko mota horren irakurtzeko joera eskasa dela, baita horiengan eragiteko zailtasuna ere.

Azkenean iritsiko da euskal prentsa izan daitekeena izatera. Baina luze joango da hori, eta bien bitartean produktuak egokitzen, hobetzen eta dibertsifikatzen jarraitu behar da, jai dugu bestela. Horretarako, argi da, derrigorrezkoa da baliabide gehiago inbertitzea, eta horiek une honetan, publizitatearen merkatua eta beste motako sarrera komertzialen lantzea ahaztu gabe, ogasun publikoan daude: udaletan, foru aldundietan, Eusko Jaurlaritzan.

“Gu, 100.000 pezeta kobratzen duen gizagaixo banda gara”, zioen duela urte batzuk Luis Fernandezek prentsako euskal kazetarien egoera deskribatzeko, eta Egunkaria-k Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioak egoera hobetzen lagunduko bazuen ere, asko eta asko ez dira, oraindik, kopuru horretatik oso urrun ibiliko. Zer esanik ez prentsa lokalean. Baina, aurrera egingo bada, hemen ere lantaldeek profesionalak izan behar dute. “Onenak bertan egoteko, lan baldintza duinak eskaini behar dira”, zioen Asier Arangurenek bere tesian. “Enpresa egitura landu behar da lehiakortasunean aritzeko. Borondatezko lanak ezinbesteko lagungarri behar du, baina ez proiektuen bizkarrezurra”. Astindu ba poltsikoa, euskarak merezi du-eta euskarazko prentsa (eta azpeitiarrok ere bai).