Aizpurutxoko apaiz kantaria

Urolako trena geltokira heldu denean, gizon bakarra jaitsi da bertatik. Maleta bat dakar eskuan. Aurreneko aldia da Azkoitia eta Zumarraga arteko etxarte laiotzean gelditzen dena. Geltoki azpitik, errepide estua ibaiari laztanka. Ez da jenderik ikusten, ume batzuk baino ez jolasean.

—Kaixo! —diotse—. Hau Aizpurutxo da, ezta?

—Bai, halaxe da.

—Hona bidali naute. Apaiz berria naiz. Halaxe heldu zen Julen Lekuona (Julian deitzen zioten orduan) Aizpurutxo-ko abade-etxera, umeek gidatuta.

—Oso maitea izan genuen hemen —oroitzen dira oraindik ere guztiak auzoan.

Aizpurutxora, iraultza ekarri zuen trenetik maleta bakarrarekin jaitsi zen apaiz gaztea. Kantatzea maite zuen, eta mezetan, kantatzen hasi ziren. Gitarrekin-eta, ordea. Frantsesez le Pére Duval eta Soeur Sourire-eta aritzen ziren eran. Ordukoak ditu Caracasen Discos Gudari-k argitaratu zizkion bi disko haiek.

—Xabier Lete eta Lurdes Iriondo ere etorrita daude mezetan kantatzera. Lagunak zituen, elkarrekin osatu zuten Ez Dok Amairu taldea 1966an. Aurreneko saio haietako batean, artean ez era ofizialean, taldea Hernanin taularatu zen. Otsailaren 9a zen. Bikondoa, Villar, Laboa, Kemen hirukoa, Biurri eta Izarti balleta izan zituen lagun. Trenez egin zuen bidea. Bidean, Zumarragatik Hernanira artean, kantatzeko poema bat idatzi zuen tren txartelaren atzealdean: “Hiltzaile bat bezela”.

Hiltzaile bat bezela hemen naramate,
Bi eskuak loturik mundutik aparte.
Errurik ez dutala azaldu nahi nuke
Egia nahi dunantzat emana dut merke.

Egia esan eta, zigorrez erantzun,
Gure bizkar moretan diteke irakur.
Egia utzi eta hobeto da entzun
Munduak esandako zortzi milla gezur.

Nola nahi dala ere egirik ez utzi
Nahiz zigorrez laztandu zure gorputzari.
Gure eginkizuna eman munduari
Egiak gihartzen dun indar berri hori.

Idazteko zaletasuna, seminariotik zetorkion. Ikasten zegoela, Priestley-ren Ertzaina etxean eta Tennesse Williams-en Kristalezko zooa antzerkiak euskaratu zituen. Zeruko Argia-n ere, sarri antzean idazten zuen; baita Donostiako egunkarietan ere.

Otsail hartan bertan, bigarren emanaldia Donostiako Victoria Eugenian. Taldeari Benito Lertxundi gehitu zaio. Aurkezle, Jarrai taldeko Arantxa Gurmendi eta Ramon Saizarbitoria. Jendez gainezka aretoa, “Eliza pobrea” abestu zuen aurreneko aldiz:

Eliza pobrea, Eliza pobrea,
danontzat hobea.

Moztu kardenalen arropak,
Moztu torre luze zorrotzak,
Moztu obispo kotxe luzeak.

Kendu urre eta pitxiak,
Kendu kristau diferentziak,
Kendu ministro diru-zaleak.

Non da estalpean jaioa?
Non da Gurutzera ihoa?
Non da Nazaret-go langilea?

Ager aski da Jaungoikoa,
Ager berarekin nahikoa,
Ager arpegi jatorra.

Iskanbila, ez zen nolanahikoa izan. Bidaniako Lorentzo Bereziartua obispoak, abisua: “Ala apaiz ala kantua, bietako bat aukeratu”. Biak aukeratu zituen, apaiz lanak itota Baga, biga, higa ikuskizunean parte hartzerik izan ez bazuen ere.

Urte oparoak ditu Aizpurutxokoak: “Ilargira noa” (1965), “Ez, ez dut nahi” (1966), “Martin Luther King” (1966), “Itsasoan urak handi dire” (1968)... Elizarekin guztiz hautsi nahi ez duen gazteriak gogoz kantatzen ditu Aizpurutxoko apaizaren letrak. Batzuk, “Aleluia”-k eta, sustraiak egingo dituzte: “Kanta dezagun danok/hau da egun alaia...”. Justizia sozialaren aldeko oihua sotiltasun formalarekin uztartzen asmatu zuelako, kantatzeko bai, baina poemak zirelako aukeratu zuen Juan San Martinek Uhin Berri poesia antologiarako.

Euskal Herrian lehen diskoa 1967an grabatu zuen, Bilbon, arazoak ekarriko dizkiona. Disketxea zuzentzen zuen Xabier Gereño idazleak baimena okerreko tokian eskatu, eta isuna Información y Turismo-tik. Baina dirurik ez ordaintzeko.

Aizpurutxon agertu zen Guardia Zibila, Azkoitiko Movimientoko buruak emandako enbargo aginduarekin.

—Besterik ez zuen, eta hala eraman zioten gitarra zahar hura.

Gitarra zaharra bahituagatik, berriarekin jarraitu zuen. Xabier Lete eta Antton Valverderekin grabatutako Bertso Zaharrak bikoitzak gerra aurreko bertsolari asko berreskuratu zituen esnatzen hasia zen gizarte harentzat.

Franco hil baino hiru bat urte lehenago utzi zuen auzora heldu zeneko maletan sartu zuen Aizpurutxo.

Bibliografia:

SAN MARTIN, Juan: Uhin Berri (1964-1969 bilduma), Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones S.A., Donostia, 1969.

LEKUONA, Julen: Hautsi ez dadin katea, Egan bilduma (Sorkuntza-3), Donostia, 1999.

LEKUONA, Julen: Itsasoan urak handi dire, Egan, Donostia, 2004.