Zapatuan ospatuko dituzte Aratzerrekan aurtengo sanisidroak

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 6a, 16:56

Ume jolasak, iazko sanisidroetan. (Mailo Oiarzabal)

Egun osoko festaren barruan, jolasekin eta Iago magoarekin osatutako umeentzako arratsaldea eta frontoian egingo duten auzo afaria izango dira Atxur Festaren hitzordu nagusiak.

Egun bakarra baina betea prestatu dute aurten Aratzerrekan San Isidro jaiak ospatzeko. Santuaren egunean, maiatzaren 15ean, ez dute festa hitzordurik izango aurten; baina datorren zapaturako, maiatzaren 11, goizetik gauera arte festa giroaz gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute.

Goizean, txupinazoa bota eta Atxur Festaren aitzurra altxatu ondoren, pilota partidak eta hamaiketakoa izango dituzte. Arratsaldea, aurreko urteetan bezala, umeei eskainiko diete. Eguraldiak laguntzen badu, aitzurrarekin altxorraren bila aritzeko aukera izango dute haurrek, eta beste hainbat jolasetan aritzeko ere bai; Iago magoak emanaldia egingo du jolasen ondoren, eta indarrak berreskuratzeko meriendarik ere ez dute faltako Aratzerrekara joaten direnek.

Eta gauean, auzo afariarekin eta trikitilarien musikarekin girotutako festarekin izango dute urteroko hitzordua Aratzerrekan. Bertako taberna bakarra itxita, hori bai, frontoian egingo dute festa, parrillak piztuta.

Egitaraua

Hau da maiatzaren 11rako Aratzerrekan prestatu duten egitaraua:

  • 10:30. Txupinazoa eta Atxurraren igoera.
  • 11:00. Pilota partidak.
  • 12:30. Hamaiketakoa.
  • 13:30. Meza nagusia.
  • 16:00. Ume jolasak.
  • 17:30. Iago magoa.
  • 18:00. Merienda.
  • 21:00. Auzo afaria, trikitilariekin.
  • Goizaldera, atxurraren jaitsiera.