Basazabalgo aretoa bete jende Gipuzkoako Erroten Egunean

Nerea Uranga 2024ko mai. 5a, 10:00

Gipuzkoako Erroten III. Eguna ospatu zuten atzo, eta topaketa nagusia Azpeitian egin zuten. Egunari hasiera emateko ekitaldirako Basazabal jauregiko aretoa bete egin zen.

Ihurrita Errota elkarteak Gipuzkoako Erroten Eguna antolatzen du, eta atzo hirugarren edizioa egin zuten. Egunaren barruko topaketa nagusia Azpeitian egin zuten.

Erroten gaineko topaketa Basazabal jauregian egin zuten atzo goizean, eta aretoa jendez bete zen. Joanes Amenabar Azpeitiko Ingurumen zinegotziak, Alex Roteta Ihurrita Errota elkarteko kideak eta Luis Juaristi Urola Bizirik taldekideak egin zieten harrera topaketan bildutakoei. Segidan, Luis Juaristik Errotak izenburuko hitzaldia eman zuen, eta ondoren, bertan bildutakoek Azpeitiko Toberagileko eta Igarako errotak bisitatzeko aukera izan zuten.

Erroten egunari lotuta, beste hainbat jarduera ere antlatu dituzte Azpeitian. Sanagustin kulturgunean Errotak, makina harrigarriak izeneko erakusketa zabaldu dute, eta maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik.

Maiatzaren 8rako, berriz, errotei buruzko ezagutzan sakontzeko hitzaldia antolatu dute. Joxin Azkue ariko da hizlari, Azpeitiko errotak estraperlo garaian gai hartuta. Historian lizentziatua da Azkue, baita Gizarte Zientzietan ikerlaria ere

Maiatzaren 12rako Igarako errotara bisita gidatuak eta talo tailerrak antolatu dituzte Ekoetxetik. Bi txandatan banatuta egingo dituzte jarduerak: 10:00etan eta 11:30ean. Doako jarduera izango den arren, parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman beharko dute izena, plazak mugatuak izango baitira. Izena maiatzaren 10a baino lehen eman behar da.