Carmen Belmar mendi lasterkariaren hitzaldia izan dute ikasleek

Nerea Uranga 2024ko mai. 3a, 13:14

Carmen Belmar mendi lasterketetan laguntzaile ibiltzen dituenekin, gaur Soreasun. (Nerea Uranga)

Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK proben bezperan, Belmarren kirol esperientzia eta lorpenen berri izan dute Azpeitiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek. Belmarrek ikusmenarekin lotutako gaixotasuna du, baina mendiko probetan parte hartzen du; bihar Domusa Teknik 15 MLK proban parte hartuko du. Hitzaldia Lagun Onak mendi bazkunak eta Marea Urdinak elkarlanean antolatu dute.

Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak jokatuko dira bihar. Proba horietan emakumeen parte hartzeaz gainera, inklusioa bultzatzea da Lagun Onak mendi bazkunak lasterketaren lehen ediziotik bere egin zuen helburuetako bat, Marea Urdinarekin elkarlanean. Horri lotuta, Trail martxa Urdina egingo dute bihar eta Ikasberriko Anoa Gune Urdina aniztasun funtzionala dutenen senideen elkarteak kudeatuko du dozenaka boluntarioren laguntzarekin. Horretaz gainera, gaur, kirol proben bezperako egunean, Carmen Belmar mendi lasterkariaren esperientzia eta kirol ibilbidea ezagutzeko aukera izan dute Azpeitiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek.10:30ean hasita, Belmarrek hitzaldia eman du Soreasu antzokian bildutako gaztetxoen aurrean. Belmarrek erretinosi pigmentarioa eta miopia magna edo miopia patologikoa ditu, eta horiei aurre eginda eta hainbat laguntzaileren bitartez, proba esanguratsuak egin izan ditu, baita ikusmen urritasunen mailan Espainiako Txapelketak irabazi ere.

Belmarrek bihar Domusa Teknik 15 MLK lasterketan parte hartuko du, eta ikusmen urritasuna dutenek mendiko probak egiteko erabiltzen duten teknika zein den azaldu die gaur Soreasun bildutako gaztetxoei.

Soreasun, Carmen Belmarren hitzaldian, Lehen Hezkuntzako ikasleak. (Nerea Uranga)