Jon Gurrutxagak irabazi du Gipuzkoa Bertsotanen Altzoko saioa

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 3a, 11:47

Jon Gurrutxaga bertsotan, atzo, Altzoko saioan. (GBE)

332 punturekin gailendu zen, bigarren sailkatu zen Eneritz Artetxe azkoitiarrari (327) bost puntuko aldea aterata.

Atzo hasi zen Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen faseko bigarren astea. Altzon eta Zaldibian egin zituzten saioak, eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrak irabazi zuen Altzoko saioa.

Gurrutxaga 332 punturekin gailendu zen A multzoaren barruan egindako saioan, bigarren sailkatu zen Eneritz Artetxe azkoitiarrari (327) bost puntuko aldea aterata: Iker Ormazabalek (314), Manex Mujikak (308), Mikel Etxezarretak (296,5) eta Danel Olano (295) Aratzerrekan bizi den getariarrak osatu zuten sailkapena. Zaldibian, berriz, Aitor Salegi zestoarrak irabazi zuen, 324 punturekin, B multzoko saioa; zestoarraren atzetik hurrenkera honetan sailkatu ziren Manu Goiogana (318,5), Antton Aizpurua (306), Uxue Alkorta (294), Ander Zulaika (292,5) eta Irati Arakistain (245).

A multzoan hiru saio jokatuta eta jokatzeko beste hiru gelditzen direnean, Gurrutxaga bigarrena da multzoko sailkapenean, Zestoan irabazi zuen Haizea Aranaren (333) atzetik. Joan den astean Gabirian, B multzoko lehen saioan, lehiatu zen Urko Egaña –298 punturekin, seigarren sailkatu zen–. Datorren ostegunean, maiatzaren 9an, kantatuko du Idiazabalen Oier Etxeberriak, Gipuzkoa Bertsotanen ariko den hirugarren eta azken azpeitiarrak.