"Indartsu" dator Etxera Eguna

Nerea Uranga 2024ko mai. 3a, 09:12

Etxera Egunaren aurkezpena atzo. (Nerea Uranga)

Egun beteko egitaraua prestatu du Azpeitiko Sarek maiatzaren 18an egingo den Etxera Egunerako. Kroserako dortsalak eta bazkarirako txartelak eskuragai jarri dituzte dagoeneko.

Atzo aurkeztu zuten maiatzaren 18an egingo den Etxera Eguneko egitaraua. Azpeitiko Sarek egun guztirako egitaraua prestatu du, eta "indartsu" datorrela azaldu dute. Euskal presoen eskubideak festa giroan aldarrikatuko dituzte aurten ere Etxera Egunean. Goizetik gauera, ekitaldiz betetako jardunaldia izango da aldarrikapena, kirola, jolasak, bazkaria eta musika uztartuz, eta horietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Aurtengoan, kirol erronka berreskuratu dute, eta eguerdian "kirol ikuskizun bikaina" izango dela aurreratu dute.

Etxera Eguneko kroserako izen ematea eta dortsalak eskuragarri jarri dituzte Orkatzen, Berdien, Korralen eta Sanjuandegin Nizan. Bazkarirako txartelak ere salgai daude dagoeneko, Orkatzen, Mendizabalen, Korralen, Berdien eta Nizan. Bazkarirako txartelaren prezioa 12 eurokoa da langabetuentzat, ikasleentzat eta jubilatuentzat eta 18 eurokoa gainontzekoentzat.

Etxera Eguna. Maiatzak 18, larunbata:

  •  11:30. Krosa, plazatik abiatuta. Dortsalak honako tokietan daude: Orkatzen, Berdien, Korralen eta Nizan.
  • 12:30. Herri kirol erronka, Plazan.
  • 14:30. Bazkaria, Azoka Plazan. Txartelak salgai daude honako tokietan: Orkatzen, Mendizabalen, Korralen, Berdien eta Nizan.
    - Garazi eta Sala musikariak.
  • 16:30. Umeen gunea, Sanagustinpean. Begiraleek lagunduta: aurpegi pintaketak, pultserak...
  • 17:30. Pontx pailazoa.
  • 18:30. Elkarretaratzea, plazan. Euskal presoak etxera! Gotzon gurekin! lelo hartuta.
  • 19:00. Euskal Herriko III. Elektrotxaranga txapelketa.
  • 22:00. Bad Sound System eta Xiberoots taldeen kontzertua, doan, Sanagustin kulturgunean.