Mario Yllera: "Gaixotasunen ikusgarritasunaren alde, 405 kilometro egingo ditut korrika, tartean, Domusa Teknik 40 MLK proba"

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 2a, 08:30

Mario Yllera. (Utzitakoa)

Mario Yllera madrildarra Ebroko urtegitik abiatu zen asteazkenean korrika, eta une honetan Azpeitira bidean da. Larunbat goizean Azpeitira iristea da haren asmoa, 08:00etarako Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren irteera puntuan egoteko. Proba egin eta berriro Ebroko urtegirako bidea hartuko du, guztira, 405 kilometroko ibilbidea osatuz. Gaixotasunei ikusgarritasuna emateko egingo du erronka.

Une honetan, Balmaseda iparraldean (Bizkaia) izango da Mario Yllera (Madril, 1969). Asteazkenean abiatu zen Ebroko urtegitik; Espainiako lurretan kokatzen da Ebro ibaiaren urak biltzen dituen urtegia, Kantabria eta Burgos artean. Atzo, Burgos inguruan zebilela erantzun zituen hedabide honen galderak, baina honezkero Bizkaia aldean behar du. Larunbat goizean Azpeitira iristea da haren asmoa, 08:00etarako Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren irteera puntuan egoteko. Lasterketa egin eta berriro Ebroko urtegirako bidea hartuko du, guztira, 405 kilometroko ibilbidea osatuz.

Korrika al zatoz Azpeitira?

Bai, noski. Asteazkenean abiatu nintzen, eta korrika iritsiko naiz Azpeitira, mendiz hainbat leku zeharkatu ostean: Espinosa, Medina de Pomar, Laudio... Domusa Teknik 40 MLK lasterketa egingo dut, eta, gero, berriro korrika itzuliko naiz Ebrora. Hasitako leku berean amaituko dut ibilbidea. Gaixotasunen ikusgarritasunaren alde, guztira 405 kilometro egingo ditut korrika, tartean, Domusa Teknik 40 MLK lasterketa.

Bidean lorik egingo al duzu?

Tarteka gelditzen naiz lo pixka bat egitera, ordu laurden bat asko jota. Baina ideIa da denbora guztian korrika jarraitzea. Egiten ditut bost minutuko lo kuluxka txikiak, baina gainontzean, gelditu gabe egingo dut bidea.

Gaixotasun batzuen ikusgarritasunaren alde egingo duzu ibilbidea. Zergatik? Zeuk ere gaixotasunen bat al duzu? Edo besterik gabe lagundu nahi duzu?

Nire emaztea 2015ean hil zen ELA gaitzarekin, baina ekintza solidario hau egiteko argudio nagusia da duela urtebetetik tumore bat daukadala kolonean, nahiko larria. Horregatik, edozer motatako gaixotasunen bat duen jendeari esperantza ematea nahi dut, ez etsitzekko eta borrokan jarraitzeko mezua zabaltzea. Gainera, bidean, bost orduz behin gelditu egin beharko dut botika hartzeko.

Gaixotasunen bat izanda ere, horrelako gauzak egin daitezkeela aldarrikatu nahi duzu, beraz.

Hori da. Noski, badaude ELA bezalako gaitzak, immobilizatu egiten zaituztenak, baina batez ere, esperantza barreiatzea da asmoa, gorputzak gelditzera behartzen gaituen arte, borrokan jarraitu behar dela aldarrikatzea. Ez soilik gaitza pairatzen dutenei, haien senitartekoei, lagunei eta abarri ere helarazi nahi diet esperantza, haientzako ere gaixo dagoenarentzat bezain gogorra izan baitaiteke gaitza.

Antzeko zerbait egin al duzu aurrez?

Bai, horrelako hainbat erronka egin ditut. Justu asteburu honetan amaituko dut martxan dudan erronka bat: 10.000 kilometro korrika egitea, gaixotasunak ikusgarri egiteko. Gainera, Domusa Teknik 40 MLK lasterketan milia urdina egingo dugu; Marea Urdinako kideekin batera egingo dut Loiolatik aurrerako zati hori. Une horretan hasiko dut gaixotasunengatik mundu osoan egin den erronkarik potoloena: milioi bat kilometro korrika egitea.

Ezagutzen al duzu Domusa Teknik 40 MLK lasterketa? Egin al duzu inoiz?

Ez, ez dut sekula egin. Baina antolatzaileekin harreman jarri nintzen, galdetzeko ea nire proiektuarekin kolaboratu nahi al zuten, eta segituan eman zidaten baiezkoa.

Badakizu hamabi ordu dituzula lasterketa amaitzeko, ezta?

Bai, bai. Mugan ibiliko naiz denborarekin, lasterketetan beti ibili ohi naizen moduan. Nire gaitzarekin, dauzkadan indarrak dauzkat. Dena den, espero dut denboretan sartuko naizela. Baina kontuan izan behar da 240 kilometro eginda egongo naizela helmugara iristerako.

Jendeak ez al dizu esaten erokeria dela egin behar duzuna?

Bai, noski baietz. Baina beti esaten dut gauza bera: etxean eserita gelditzen direnak dira eroak.

Nola ezagutuko zaituzte herritarrek lasterketari begira daudenean? Zer dortsal zenbaki daukazu?

Dortsal zenbakia zein izango den ez dakit oraindik, baina lasterketa guztian ikusiko den bizar luzeena daukat. Gainera, larunbatean sudur gorri batekin sartuko naiz helmugara, gaixo dauden haurrei ikusgarritasuna emateko.

Zer ordutan iritsiko zara helmugara?

Loiolako milia urdina 16:30- 17:00 aldera egingo dugula aurreikusten dut, eta helmugara 19:00 aldera iritsiko naizela. Oraindik bidean gauza asko gerta daitezke, baina hori da espero dudana.

Zerbait erantsi nahiko al zenuke?

Esperantza eman nahi diot jendeari, eta batez ere, beti esaten dudana errepikatuko dut: bizitzan egiten duguna egiten dugula, horretan edertasuna bilatu behar da; hori da benetako protesta bakarra mundu nazkagarri honetan. Edertasuna aurki dezakegu pertsonen bihotzetan.