Ikasten txapeldun

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 1a, 09:49

Aitor Etxeberria. (Mailo Oiarzabal)

Kirol lorpenen oihartzunik ez dute, baina badira ikasleen sariketak ere. Batxilergoan olinpiada zientifikoetan edo Lanbide Heziketan Skills txapelketetan ari dira eskualdean. Lehiaketa horietan izan diren bi azpeitiar dira Aitor Etxeberria eta Ainhoa Izagirre; bata ikasle gisa eta bestea trebatzaile bezala.

Lehiaketez edo txapelketez hitz egiterakoan, kirolari lotutakoak dira gehienei burura etortzen zaizkienak. Izatez, horiek dira ugarienak, eta gizartean ikusmin, oihartzun eta aitortza handiena sortzen dutenak ere bai, Euskal Herrian alde horretatik bertso txapelketak ere goi-goian ibili ohi diren arren. Loria, txalo eta sari handienak, baina, kirolarientzat izaten dira, batik bat kirol ezagunenetan aritzen direnentzat.

Gertukoen aitortza bai, baina ikasketetan emaitza onak izateak ez du kirol lorpenek sarri dakarten pareko onespen sozialik ekartzen, ezta hurrik eman ere. Hala ere, kirolean bezala, badira ikasketekin lotutako eta ikasleei zuzendutako lehiaketak, eta badira horiek prestatzen lan asko egiten duten ikasleak eta irakasleak. Aitor Etxeberria (Azpeitia, 2006), esaterako, Murtzian (Espainia) lehiatu zen joan den zapatuan Batxilergoko Espainiako Kimika Olinpiadan, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutakoan hirugarren tokia lortu ondoren. Eusko eta Spain Skills lehiaketetan parte hartzeko trebatzen dira, bestalde, Lanbide Heziketako dozenaka ikasle, eta horietako batzuen koordinatzaile eta bidelagun aritzen da Ainhoa Izagirre (Azpeitia, 1985), Zarauzko Monte Albertia ikastetxeko irakaslea.

Ezusteko poza

Ikasleak arlo eta kultura zientifikora erakartzeko hasi ziren EHU eta beste hainbat olinpiada zientifikoak antolatzen. Fisikakoak, kimikakoak, matematikakoak... zientziaren arlo ezberdinetakoak antolatzen dituzte urtero. Aurten, kimikako olinpiadan lehiatu diren lau gipuzkoarretako bat izan da Etxeberria, baita Espainiako finalerako txartela lortu duen bakarra ere.

"Kimikako irakasleak eman zigun kimikako olinpiaden berri eta parte hartzera animatuko al ginen galdetu zigun. Niri esan zidan lehiatzeko gai ikusten ninduela, eta apuntatzea erabaki nuen. Gipuzkoan lau aurkeztu ginen Donostiako Kimika fakultatean egin beharreko probara, eta badakit Bizkaian 30etik gora izan zirela. Aipatu zuten Gipuzkoan ez dagoela tradiziorik olinpiada zientifikoetara joateko; Bizkaian, aldiz, bai", azaldu du Urola Ikastolako ikasleak.

Martxoaren 15ean egin zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako olinpiada. Bi azterketa egin behar izan zituzten Etxeberriak eta gainerako lehiakideek, bat buruketekin eta bestea test erakoa; lehen azterketako bi buruketak egiteko ordu eta erdi, eta beste azterketarako 90 minutu zituzten ikasleek. "Ez nuen denbora osoa erabili, baina bi ordu pasa egongo nintzen azterketak egiten", kontatu du azpeitiarrak. Ez zuen proba sentipen onarekin bukatu, –"gainditzeko adinako maila eman nuela uste nuen, baina ez sailkatzeko adinakoa"–, baina EHUk antolatutako probetara aurkeztu ziren guztien artean hirugarren nota onena lortu zuen; eta horrekin batera, Espainiako finalean lehiatzeko txartela ere bai. "Niretzat, erkidegoko olinpiadan parte hartzea bera bazen nahikoa poz; irakasleak uste izatea maila banuela, eta neu gai izatea horrelako proba bat prestatzeko. Beraz, oso pozik sentitu nintzen emaitza esan zidatenean", dio Etxeberriak. EHUk Murtziara bidali dituen hiru ordezkarietatik gipuzkoar bakarra izateaz gain –beste biak Bizkaikoak ziren–, sare publikoan ikasten duen bakarra ere izan da Etxeberria, eta hori azpimarratu nahi izan du.

Murtzian, Espainiako Estatuko hainbat unibertsitatek aukeratutako 118 ikasle lehiatu dira. Dominarik gabe, baina bizitako esperientziarekin eta egindako lagunekin "gustura" itzuli da etxera Etxeberria. Donostian egin zuen probaren egitura bera zuen Murtzian egin behar izan zuenak, baina "askoz maila gogorragoa" zuen, eta luzeagoa ere bazen, bost ordukoa. Aste honetan hasiko da Etxeberria Batxilergoko bigarren mailako azken azterketak egiten, ekainaren 5etik aurrera egingo duen unibertsitaterako hautaproba prestatzen hasi aurretik. Kimikako olinpiadak prestatzeko egin duen lana eta gero, gai hori behintzat ondo menderatuta eramango du. Kimika eta fisika dira Etxeberriari gehien gustatzen zaizkion ikasgaiak; eta olinpiada zientifikoetan kimikan lehiatu bada ere, erabakita dauka fisikako ikasketak egin nahi dituela; ahal badu, EHUn.

Lana eta autoestimua

Olinpiada zientifikoak unibertsitatean zientzietako ikasketak bultzatzeko nola, Lanbide Heziketari ikusgarritasuna eta erakargarritasuna emateko tresna izan nahi dute Skills izeneko lehiaketek. Lanbide Heziketako olinpiadatzat har daitezkeen horietan ere erkidego mailan egiten dituzte lehen probak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, hiru lurraldeetako ikastetxeetako askotariko ikasketa adarretako ikasleak Eusko Skills deritzonean lehiatzen dira urte batean, eta adar edo arlo bakoitzeko irabazleek hurrengo urtean Spain Skillsen lehiatzeko txartela irabazten dute. Iazko maiatzean egin zituzten Eusko Skillsak Irungo (Gipuzkoa) Ficoban, apirilean egin dituzte Spain Skills-ak Madrilen, eta bietan izan da Izagirre, Estetika arloko Eusko Skillseko koordinatzailea.


Spain Skillsen lehiatu den euskal ordezkaritza.

Eusko Skillsen bi egunetan aritzen dira lanean ikasleak; Spain Skillsen, berriz, hiru egunez, goiz eta arratsaldez, izaten dituzte hiru ordu iraun dezaketen probak. Eusko Skillsak irabazten dituzten ikasleek urte osoan egiten dute lan Spain Skillsak prestatzeko, tutoreen eta koordinatzaileen laguntzarekin eta "eskola orduetatik kanpo", Izagirrek nabarmendu duenez. Eusko Skillsa irabaztea "egundoko lorpena" izaten da ikasleentzat, baina baita urte "gogor" eta lanpetu baten hasiera ere; ikasleek "kristoren lana" egiten dutela aitortu du irakasle azpeitiarrak. "Gutxi gorabehera" jakiten dute koordinatzaileek eta tutoreek Madrilgo hitzorduan zer proba gainditu beharko dituzten ikasleek, eta horiek prestatzen ahalegintzen dira urte osoan zehar. Monte Albertian "urteak" daramatzate Skills-etan lehiatzen, sari ugari jaso dituzte, eta badute lehiaketa horiek prestatzen "esperientzia". 2024ko Spain Skillsetan, esaterako, brontzezko domina bana irabazi dute Zarauzko ikastetxeko ikasleek Estetikan eta Ile-apainketan.

Urte osoan egindako lana hiru eguneko azterketa erreskadan erakutsi behar izaten dute ikasleek Spain Skillsen, presiopean, eta denak ez dira beren onena emateko gai izaten. Koordinatzaileei eta tutoreei "psikologo eta animatzaile lana" egitea tokatzen zaiela kontatu du Izagirrek. Baina aurten, "lehen aldiz", Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkaritzak benetako psikologo baten laguntza izan du Madrilen; eta ikasleak teknikoki nola trebatu ez ezik, koordinatzaile guztiak trebatu dira ikasleak lehiarako nola prestatu ikasten ere. Espainiako Estatuko erkidegoetako selekzioen arteko lehia izaten da Madrilgoa. "Euskadiko selekzioan egundoko giroa eta elkar babesa izan ditugu", dio Izagirrek, eta horrek hauspoa ematen die ikasleei. «"Master bat ikastea bezalakoa izateaz gain, autoestimuarentzat ere garrantzitsua" da ikasleentzat Skillsetan lehiatzea, Izagirreren ustez. "Eta, batik bat, bizitzen duten esperientzia".