Domusa Teknik ISBk Azkoitian jasotako harrera bideoan

Urtzi Oteiza 2024ko api. 30a, 15:44

Igoera fasean irabazita, berriro Espainiako LF Challenge ligan aritzeko txartela lortu du Domusa Teknik ISB Azpeiti-Azkoitiko saskibaloi taldeak. Atzo arratsaldean Azkoitiko Udalaren harrera jaso zuten taldekideek, eta udaletxeko balkoira irten eta garaipena plazan bildutako herritarrekin ospatu zuten.

Domusa Teknik ISB Iraurgi saskibaloi klubaren emakumeen talde nagusiak igoera fasean lau partidatik laurak irabazita, Espainiako LF Challenge mailara igotzea lortu du berriro. 

Joan den ostegunetik igandera bitartean jokatu zuten igoera fasea Utebon (Espainia). Handik bueltan, Iraurgiren emakumeen taldea zoriontzeko eta lortutako garaipena aitortzeko harrera egin zion atzo arratsaldean Azkoitiko Udalak. Ana Azkoitia alkateak "gora gure txapeldunak, eta zorionak munduko harrotasun guztiarekin" esanaz hartu zituen saskibaloi jokalariak udaletxeko batzar aretoan. Iraurgiren emakumeen taldearekin bizitako momentu onak txarrak baino gehiago izan direla gogorarazi zuen Azkoitiak, "onekin gelditzen gara". Beste behin kantxan daukaten gaitasuna eta indarra erakutsi dutela aitortu zien Azkoitiko alkateak Iraurgikoei. Espainiako bigarren mailan jokatzeko aukera lortuta "urrats potoloa" egin dutela esan zien. "Igoerak eztia bezala gozoak dira eta emakumeok kirolean egiten ari zareten jauziak oraindik eta gozoagoa egiten du garaipena. Benetako aitortza merezi duzue, kantxan erakutsi duzue, eta argi izan etorkizuneko emakume kirolarientzat eredu zaretela".

Hemendik aurrerakoan ere, erakundeak eta herria ondoan izango dituztela esan zien alkateak, eta denak zoriondu zituen. Ondoren, Azkoitiko plazan bildutako dozenaka herritar agurtzera udaletxeko balkoira atera ziren Domusa Teknik ISBko jokalariak eta kideak.

Erlazionatuak

Itzulerarik gozoena

Mailo Oiarzabal eta Nerea Uranga api 29 Azpeitia