Maiatzaren Lehenean Bilbon eta Iruñean biltzera deitu dute eragileek

Maria Maya Manterola 2024ko api. 30a, 16:00

2021ean gazte eragileek deitutako manifestazioko irudia, Zumaian.

LAB sindikatuak egun osoko egitaraua antolatu du sindikatua eratu zela 50 urte igaro direla ospatzeko. Kontseilu Sozialistak protesta Bilbon egingo du; ELAk, Bilbon eta Iruñean.

Langileen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioak izango dira bihar Bilbon eta Iruñean, eta horietara gerturatzeko deia egin dute Urola Kostako zenbait eragilek.

LAB sindikatuak langileen eguna baliatuko du eratu zela 50 urte igaro direla ospatzeko. Langileen antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraizeko konpromisoan berretsiko da sindikatua urteurren borobilean. Hala, festak eta aldarrikapenak bat egingo du Iruñean: egun osoko egitaraua prestatu du sindikatuak Nafarroako hiriburuan, eta bailarako herrietatik sindikatuak propio antolatutako autobus zerbitzuaren bitartez gerturatuko da Iruñera zenbait herritar. Gaztelu plazatik manifestazioa abiatuko da lehendabizi 11:30ean; Anaitasunan ekitaldia izango da jarraian; eta bertan izango da egun osoko ospakizuna: herri bazkaria eta kontzertuak.  

Manifestazio nazionala deitu du, bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak gaurko. Bilbora joateko deia egin dute Urola Kostan ere: Jesusen Bihotzetik aterako da protesta 13:00etan, eta goizean, Azpeititik, Zestoatik, Azkoititik, Zumaiatik, Getariatik eta Zarauztik izango dute kolektibo horrek propio antolatutako autobusetan hiriburura gerturatzeko aukera. 

ELA sindikatuak, berriz, bi deialdi egin ditu gaurko egunerako. Bilbon eta Iruñean mobilizazio bana du deitua sindikatuak: 11:30ean abiatuko dira biak, Jesusen Bihotzetik eta Gurutz plazatik, hurrenez hurren.

Azkoitian ibilaldia, langile mugimenduaren sorrera gogoan

Udaberriko Bebarruko Jardunek Maiatzaren 1arekin uztartuko ditu aurten Matadero Ekintzakek, eta Azkoitiko langile mugimenduaren hastapenak gogoratzeko baliatuko dute Langileen Nazioarteko Eguna. Txaranga Urretabizkaiaren konpainian, herrian zehar ibilaldia egingo dute egun desagertuta dauden duela mende bateko paisaietatik, XX. mende hasierako herriko egoera ekonomikoa eta langile borroka irudikatuz.

Hain zuzen, 1918ra egingo dute jauzi 10:00etan Matadeixen elkartzen direnek. "1918 eta 1923. urte arteak gatazkatsuak izan ziren ekonomikoki, besteak beste, abarketagileen grebak zirela eta. 1920. urteko gertakariekin goia zuen egoera horrek. Greba indartsuak egin ziren herrian, eta horrek Azkoitiko hizkeran ezaguna den lokautea eragin zuen. Hau da, zenbait lantegi itxi egin ziren, eta gatazkak izan ziren, esaterako, Guardia Zibilarekin", azaldu du Imanol Mujikak. Hark gidatuko du herrian zehar egingo duten ibilaldia, Goretti Orbearekin batera. Ibon RGk, bere aldetik, hainbat bertso eskainiko ditu ibilaldian zehar. Bitartean, gainera, Txaranga Urretabizkaiak hainbat pieza eskainiko ditu.

Matadeitik abiatuta, herrian pasiera bat emango dute, testuinguru horretan giltzarri izan ziren hainbat gunetan geldialdiak eginez. Hasteko, Intsausti eremuaren inguruan zegoen Alberdi y cia abarketa tailerrera joango dira, eta handik, Guardia kalean zegoen Guardia Zibilaren kuartel ingurura. Ondoren, Ibai Ondo kalearen eta Jausoro auzoaren artean zegoen Txapel fabrikan egingo dute geldialdia, eta handik Altzibar auzora joko dute. Egitasmoari amaiera, berriz, plazan emango diote.