Espainiako Kimika Olinpiadan lehiatuko da Aitor Etxeberria

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 25a, 17:00
Aitor Etxeberria. (Utzitakoa)

Martxoan EHUk antolatutakoan hirugarren sailkatu zen azpeitiarra, eta bihar Murtziara joango da, zapatuan Espainiako finalean lehiatzeko.

Etzi, apirilaren 27an, Batxilergoko ikasleei zuzendutako Espainiako Kimika Olinpiadaren finala jokatuko dute Murtziako Unibertsitatean. 55 bat lehiakidek parte hartuko dute sariketa-azterketan, eta horietako bat da Aitor Etxeberria azpeitiarra. Bihar joango da Etxeberria Murtziara eta igandean itzuliko da.

Batxilergoko 2. mailako ikaslea da Etxeberria Urola Ikastolan, eta joan den martxoaren 15ean lortu zuen etziko hitzordurako txartela. Egun hartan, EHUk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batxilergoko ikasleei zuzenduta antolatzen dituen Olinpiada Zientifikoen barruko Kimikakoan parte hartu zuen azpeitiarrak; Espainiako finalera joateko hiru txartel zeuden jokoan, eta hirugarren postuan sailkatu zen Etxeberria. Donostiako Kimika fakultatean berak eta beste hiru gipuzkoarrek egin zituzten probako bi azterketak; parte hartzaile gehienak, 30etik gora, Leioako campusean elkartu ziren.