Botoa ematera deitutako herritarren %49,46 igaro dira hauteslekuetatik 18:00etara artean

Ihintza Elustondo 2024ko api. 21a, 19:14
Herritar bat botoa ematen, goizean. (Ihintza Elustondo)

Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %50,7k eman dute botoa 18:00etara artean. Datuen arabera, dagoeneko gauza jakina duela lau urte egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino handiagoa izango dela parte hartzea.

Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakinarazi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehen parte hartze datua, eta orain gutxi jakinarazi du arratsaldekoa. Hain zuzen ere, botoa ematera deitutako azpeitiarren %49,46 igaro dira hauteslekuetatik 18:00etara artean. 13:00etara artean, %31,52k eman dute boza, eta, guztira, 11.366 herritar daude botoa ematera deituta Azpeitian. 20:00etan itxiko dira hauteslekuak.

Gipuzkoan, berriz, %50,73koa izan da bigarren parte hartze datua; %36,7koa izan zen duela lau urte. Araban, %48,73k eman dute botoa 18:00etarako, %33,2koa izan zen arratsaldeko parte hartzea 2020an; eta Bizkaian izan da ehuneko altuena, %51,87koa, hain zuzen. 2020an, %27,43koa izan zen ehunekoa lurralde horretan.

Hiru lurraldeak kontuan hartuta, %51,03ko parte hartzea izan da arratsalderako. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hamabost puntu egin du gora parte hartzeak, %36koa izan baitzen orduan. Dena den, gaurko parte hartze datuak ez dira erabat konparagarriak aurreko hauteskundeetakoekin; izan ere, gaur, 13:00etan eta 18:00etan erregistratu dituzte parte hartzeari buruzko datuak, orain arte egin ohi zutena baino ordubete geroago, 14:00etan eta 19:00etan jakinarazi baitituzte.

Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.