Hegaztien edertasuna, irudietan

Maialen Etxaniz 2024ko api. 11a, 10:15
Juan Mari Ibarzabalen erakusketa, Betharramen. (Iraia Oteiza)

Inguruko hegaztien bueltako argazki bilduma osatu du Juan Mari Ibarzabal argazkilariak. 40tik gora irudiz osatutako bilduma Betharram aretoan egongo da ikusgai apirilaren 21a bitarte. 2013an egin zuen hegaztien inguruko lehen erakusketa, baina azken urteetan txorien jarduna gertutik behatzen jarraitu du, eta horien "edertasuna" klik bakarrean harrapatzen. Urte luzeko lanaren emaitza da orain ikusgai jarri duen erakusketa.

Juan Mari Ibarzabal (Azpeitia, 1954) argazkilariak Gure inguruko hegaztiak izeneko erakusketa jarri du ikusgai Betharram aretoan. Azken urteetan Euskal Herriko hainbat txokotako hegaztiei ateratako hamarnaka argazki ipini ditu zintzilik erakusketa aretoko hormetan, eta ikusgai daude joan zen astetik.

Ibarzabal afizioz da argazkilaria, eta urte ugari daramatza irudien munduan murgilduta. Argazkigintzan urteak egin dituen arren, ez du betitik hegaztietan arreta jarri. Hark dio ez dela "gaztetan txorien kabien bila aritzen zen horietakoa". Kontatu duenez, 2005 inguruan hasi zen hegaztiei argazkiak ateratzeko prestatzen: "Askotariko argazkiak egin dituen argazkilari horietakoa naiz, baina betitik gustatu izan zait naturari lotutako irudiak ikustea. Askotan begiratzen nituen arlo horri lotutako webguneak, eta horretan ibiltzen diren argazkilarien lana ere jarraitu izan dut. Argazkiak ateratzeko prestatzen, ordea, duela hogei urte inguru hasi nintzen". Teleobjektiboa erosi ostean hasi zen lanean, hegaztiei argazkiak ateratzeko "ezinbestekoa" baita teleobjektiboa. "Lagun baten txabolan hasi nintzen aurrena. Urteetan zehar, ordea, leku askotan ibili naiz argazkiak ateratzen, hala nola Donostiako Ametzagainan, Irunen [Gipuzkoa] edo Nafarroako hainbat behategitan", kontatu du.

2013an egin zuen hegaztien inguruko lehen erakusketa, baina azken lau urteetan txorien jarduna gertutik behatzen jarraitu du, eta horien "edertasuna" klik bakarrean harrapatzen. Urte luzeko lanaren emaitza da orain ikusgai jarri duen erakusketa. Teknikoki, jakintza eta baldintza zehatzak eskatzen ditu hegaztien argarilaritzak. Ibarzabalek aitortu du hegaztiek "pazientzia izaten" erakusten dutela, haien irudiak harrapatzeko ezinbestekoa baita hori. "Pazientzia izaten erakusten dute, baina haiei begira gauza asko ere ikasten dira; izan ere, txoriak behatzen ikusten da nola zaintzen dituzten haien kabiak, terrenoak, eremuak... Oso polita den mundu bat da", dio. 

(Iraia Oteiza)

Guztira, 45 argazki elkartu ditu Gure inguruko hegaztiak bilduman. Azpeitiarrak azaldu duenez, hegaztiak mota eta familia desberdinetakoak dira, eta Ibarzabalek passeriformes motakoak harrapatu ditu bere argazkietan: "Egunerokoan gertu ditugun txoriak dira koadroetakoak. Gipuzkoan atera ditut gehienak, eta besteak Nafarroan ateratakoak dira, Orgiko basoan edota Bertizko parkean", azaldu du.

Irudiak ez ezik, txorien inguruko informazioa eta xehetasunak ere bildu ditu azpeitiarrak QR bidez, eta erakusketara bertaratzen direnek horiez gehiago jakiteko aukera izango dute."Edozein herritar bertaratzea gustatuko litzaidake, baina batez ere herriko gaztetxoek ikusteko aukera izatea nahiko nuke, eskuko telefonora itsatsita bizi diren garaiotan inguruan ditugun txorien edertasuna ezagutu dezaten", dio egileak. Era berean, esan du erakusketa zabaltzeko "esku zabalik" dagoe, eta beste herri batzuetatik deitzen badiote, beste nonbait jartzea ere ez du baztertzen. 

Erakusketa Betharram aretoan egongo da ikusgai apirilaren 21era arte, larunbatetan eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara; eta aste barruan, 18:00etatik 20:00etara.