Arrisku egoerak saihesteko obrak egiten ari dira Loiolako Ignazio etorbideko zati batean

Maialen Etxaniz 2024ko api. 9a, 10:17
Obrak egiten ari diren lekua. (Maialen Etxaniz)

Auzarazako biribilgunea eta Iñaki Azpiazu kalea lotzen dituen bideko zati batean ari dira obrak egiten. Zehazki, zebra-bidea altxatuko dute, bideko zati horretan sortzen diren trafiko arazoak saihesteko.

Hainbat lan egiten ari dira Loiolako Ignazio etorbidea, Auzarazako biribilgunea eta Iñaki Azpiazu kalea lotzen dituen errepide zatian, DA tabernaren ondoan. Hain zuzen, sarrera-irteera hori itxita dago egunotan autoentzat, zebra-bidea altxatzeko lanetan dabiltzalako.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "hainbat arrisku egoera" sortzen ziren bide zati horretan, eta horregatik egingo dituzte lanak: "Biribilgunetik autoak azkar samar sartzen dira, eta arrisku egoerak sortzen dira. Egoera horiek saihestea da xedea". Horrez gain, hoditeria lanak ere egiten ari dira. Obrak bi egunen buruan, ostegunerako, amaituta izatea aurreikusten dute.  

(Maialen Etxaniz)