Jon Gurrutxagak, Oier Etxeberriak eta Urko Egañak parte hartuko dute Gipuzkoa Bertsotanen

Nerea Uranga 2024ko api. 9a, 09:07
Gipuzkoa Bertsotaneko saio bateko artxiboko irudia.

Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea, eta ekainaren 2a bitartean hogei saio jokatuko dituzte, bi itzulitan. Denera, 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; eta udazkenerako txartela 34k lortuko dute. Saioetarako sarrerak salgai jarri dituzte.

Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea apirilaren 25ean hasiko da Eskoriatzan, eta ekainaren 2a bitartean hogei saio jokatuko dituzte, bi itzulitan. Guztira, 74 bertsolarik parte hartuko dute, eta horietatik hiru dira azpeitiarrak: Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996), Oier Etxeberria (Azpeitia, 1997) eta Urko Egaña (Azpeitia, 1979).

Egañak apirilaren 26an (ostirala) Gabiriako Kultur Etxeko saioan abestuko du; Gurrutxaga, berriz, maiatzaren 2an (osteguna) Altzoko Kultur Etxeko saioan ariko da kantuan; eta Etxeberria, Idiazabalgo Guraso Elkartea aretoan, maiatzaren 9an (osteguna). Saio denak 19:00etan hasiko dira.

Atzo aurkeztu zuen Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, eta "berezitasun ugari" dakartzala aurreratu zuen: "Batetik, bere iraupena: hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, hogei bertso saio jokatuko baitira. Saioak bikoitzak izango dira, lehen itzuliko lehena eta azkena izan ezik. Lehen itzulian hamabi saio izango dira, ostegunetan eta ostiraletan; bigarrenean, berriz, zortzi saio, larunbatetan eta igandetan".

Egituraz gainera, txapelketaren forma bera ere aldatu egin dutela azaldu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. "Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan". Bertsolariek lehen itzuliko saioetan zein bigarren itzulikoan egin beharko dituzten ariketak honako loturan ikus daitezke.

Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian jarri dituzte salgai.

Bertso eskolei aitortza

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea gauzatu ahal izateko "ezinbesteko lehengaia"  bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak direla adierazi du Gipuzkoako Bertsozale Elkartek: "Bertsolaritzaren ekosistema lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle". Eta aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte, Unai

Hain zuzen ere, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte: "Unai Gaztelumendiren irudiak bertso eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak".

Ildo horretatik, txapelketaren beste berritasunetako bat izango da saio bakoitzaren ondoren afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso eskolek.

Gipuzkoa Bertsotanen saioak:

Lehen itzulia:
  • Apirilak 25: Eskoriatza.
  • Apirilak 26: Zestoa.
  • Apirilak 26: Gabiria (Urko Egañak abestuko du).
  • Maiatzak 2: Altzo (Jon Gurrutxagak kantatuko du).
  • Maiatzak 2: Zaldibia.
  • Maiatzak 3: Orio.
  • Maiatzak 3: Legorreta.
  • Maiatzak 9: Idiazabal.
  • Maiatzak 9: Getaria.
  • Maiatzak 10: Mutriku.
  • Maiatzak 10: Anoeta.
  • Maiatzak 17: Oñati.
Bigarren itzulia:
  • Maiatzak 25: Antzuola.
  • Maiatzak 25: Pasaia.
  • Maiatzak 26: Alegia.
  • Maiatzak 26: Usurbil.
  • Ekainak 1: Ataun.
  • Ekainak 1: Elgeta.
  • Ekainak 2: Soraluze.
  • Ekainak 3: Hernani.