Kilometroekin elkarlanean, Aniztasun Festa egingo dute apirilaren 27an

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 25a, 10:10
Iazko Aniztasunaren Eguneko irudi bat. (Unax LarraƱaga)

Azpeitian bizi diren herritarren eta haien kulturen topaketarako eguna izatea da Aniztasun Festaren helburua. Egun osoko egitarau zabala ari dira prestatzen, euskara zein aniztasuna ardatz hartuta.

Azpeitiko Udalak antolatuta, Aniztasun Festa egingo dute apirilaren 27an, larunbatez. Aurten, berezitasun batekin dator ekintza; izan ere, Kilometroen lantaldearekin elkarlanean antolatuko dute jaia. Egun osoko egitarau zabala ari dira prestatzen, euskara zein aniztasuna ardatz hartuta.

Azken urteotan Aniztasun Festa egiten dela jakitun, Kilometroak jaiaren antolatzaileak jarri ziren udalarekin harremanetan. Aurtengo Kilometroen zutabe nagusien artean aniztasuna egonik, pauso bat ematea erabaki du udalak, kulturartekotasunaren festa antolatzen duten ordezkariekin elkarlanean, "indarrak batzeko eta aniztasunaren eta euskararen aldeko egitarau zabala osatzeko". Horrez gain, herriko beste eragile batzuk ere ari dira batzen ospakizunera, eta bakoitzak beretik ekarpen ugari egingo ditu.

Azpeitian bizi diren herritarren eta haien kulturen topaketarako eguna izatea da Aniztasun Festaren helburua. Antolakuntza taldean dagoeneko hasi dira biltzen hainbat herrialdetako ordezkariak, Kilometroen lantaldea eta udala. "Herriaren isla izateko asmoz, eta ahalik eta kultura gehien batzeko ilusioz", antolatzaileek gonbidapena egin diete parte hartu nahiko luketen beste kultura eta herrialdeetako kideei. Horretarako, helbide honetara idatzi behar dute, eta bertan emango zaizkie xehetasunak: narroita@azpeitia.eus.