Egia aitortzeko deiadarra, Pasaiako segadaren 40. urteurrenean ere

Aitziber Arzallus 2024ko mar. 24a, 12:00

Biktima guztiak berdinak badira, berdin tratatzeko eskatu dute duela lau hamarkada Pasaian hil zituztenen senideek. Erakundeen jarrera salatzearekin batera, herritarren babesa eskertu dute, baita Pasaian gertatutakoa ahanzturan eror ez dadin beren aletxoa jarri duten guztiena ere.

Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta atzo, horixe bera aldarrikatu zuten Pasaiako segadaren 40. urteurreneko ekitaldi nagusian: badela garaia duela lau hamarkada Pasaian gertatutakoaren egia aitortzeko, eta horrekin batera, baita han Espainiako Poliziak tiroz hil zituen laurei –Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak– biktima izaera aitortzeko ere. Senideek auzitegietan egin dituzten saiakera guztiak ezerezean utzi dituzte, eta erakundeen aldetik ere ez dute errekonozimendurik jaso; Azpeitiko Udala izan da salbuespen bakarra. Herritarren eta eragile sozialen babesa, aldiz, badute, beti izan dute, eta atzoko ekitaldia bera horren erakusgarri, Azoka Plaza leporaino bete baitzuten Pasaian hildakoen senideek, lagunek, haiei babesa ematera joandako herritarrek eta Azpeitiko Udalaren zein EH Bilduren zenbait ordezkarik.

Felipe Murillok Jose Luis Otamendiren Egiarekin zer poema irakurriz hasi zuen ekitaldia, Amaia Aranaga eta Maite Bereziartua biolinean eta pianoan lagun zituela. Ondoren, Pasaiako badia dokumentalaren hainbat zati pantaila handian jarrita, duela 40 urte Pasaian gertatutakoak gogora ekarri zituzten, besteak beste, Rosa Jimeno oriotarraren hitzetan. Segada baino egun batzuk lehenago, Jimeno bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, eta Komando Autonomo Antikapitalistetan kide zituen hainbatekin Pasaiako badian hitzordua lotzera behartu zuten. 1984ko martxoaren 22 hartan, itsasoz iritsi ziren Jimenoren bost kideak Pasai Donibanera, eta tiroka hartu zituen poliziak. Kurro, Pelitxo, Txapas eta Pelu bertan hil zituzten; 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Joseba Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra, eta hain zuzen ere, Jimenok eta Merinok kontatuta dakite familiek gertatutakoaren egia.

Pasaia Argitu plataformak eta Egiari Zor fundazioak elkarlanean antolatutako ekitaldian hainbatek hartu zuten hitza, eta Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kidea izan zen horietako bat. Gogora ekarri zuen Pasaiako segadan gertatutakoaren egia ez ezik, beste hainbat egia ere onartzeko daudela, eta nabarmendu zuen sekretu ofizialen babeserako legea indargabetu beharra dagoela egia horiek jakiteko. Haren esanetan, lege horrek agerian uzten du egungo demokraziaren "kalitate eskasa", eta azpimarratu zuen demokrazian "egia agindu etiko gisa" hartu behar dela.

Pelitxoren arreba Arantxa Isartek biktima guztiei trataera berdina ematea aldarrikatu zuen. "Non daude hemengo instituzioak, giza eskubideen urraketak babesten eta argitzen lagundu behar zigutenak?", galdetu zuen. "Biktima guztiak berdinak direla diote. Ea ba egia den, eta trataera berdina izaten dugun". Eta ildo beretik jarraitu zuen Kurroren anaia Pello Aizpuruk ere: "Arartekoa, Gogora, Giza Eskubideen Batzordea, Biktimen Saila; inork ez al digu lagundu behar hau dena argitzen?".

'Bahia de Pasaia'

Erakundeekin haserre egonagatik, herritarren babesa sentitzen dutela nabarmendu zuen Aizpuruk, eta bezperan Enparan Dorretxe atzean egindako lore eskaintzan kontatutako anekdota berriz kontatu zuen, hunkigarria irudituta. Izan ere, duela astebete Pasaian izan ziren, eta jakin zuten badela herritar bat egunero-egunero euren senideak hil zituzten lekura joaten dena eta han dagoen oroigarria garbitzen duena. Herritar horiei eta Pasaian gertatutakoa ahanzturan eror ez dadin beren aletxoa jarri duten guztiei eskerrak eman zizkien Aizpuruk, horien artean bat nabarmenduta: Barricada taldea, Bahia de Pasaia abestia sortu eta zabaltzeagatik. Abesti hori eta beste bi zuzenean jo zituzten Drogasek eta haren taldekideek.