23. Korrika

Korrika Txikia, harrotasun handia

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 19a, 19:37

Euskararen aldeko etengabeko lasterketa herrira ailegatu aurretik, Azpeitiko ikasle gazteenen Korrika Txikiak berotu du arratsaldean giroa. Trikiti doinu artean, festa giroan eta harrotasun mezuekin borobildu dute ekintza.

Ordu gutxi falta dira Korrika Azpeitira iristeko, baina herria dagoeneko motorrak berotzen ari da. Arratsaldean, haurren txanda izan da, eta 15:30ean igerilekuaren aurrean hasita, herrian barrena zabaldu dute euskararen aldarria Korrika Txikiarekin. Eguzki epelean, herriko hiru ikastetxeetako ehunka ume elkartu dira korrika egiteko, eta giro ezin hobea sortu da.

Sanjuandegitik plazaraino, Korrika Txikiaren lekukoa eskutik eskura ibili dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Iraurgi Ikastetxeko HH4tik LH6ra arteko ikasleek, irakasleen eta gurasoen laguntzarekin.  Lekukoa eskuz esku igaroz herriko kaleak zeharkatu ostean, plazan elkartu dira parte hartzaile guztiak. Plazan, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak izan dituzte zain Korrika Txikiko parte hartzaileek. Ondoren, lekukoaren barruan gordeta zegoen mezua irakurri dute udaletxeko balkoian: hiru ikastetxeetako ordezkariak hara igo dira, mezua udal ordezkariekin batera irakurtzeko. Aurtengo Korrikaren Harro herri leloari keinu eginez, euskaldun izatearen harrotasuna izan dute hizpide, besteak beste. Festa giroan borobildu dute ekintza plazan, 16:30ean.