Nerabeen gurasoekin kafe solasaldia antolatu dute astearterako

Nerea Uranga 2024ko mar. 17a, 09:00
Nerabeen gurasoekin egindako hitzaldietako bat. (Azpeitiko Udala)

Gaztelekuko hezitzaileek eta martxan jarri berri duten Familia Orientazio Zerbitzuko Janire Basurto psikologoak parte hartuko dute. Solasaldia 18:00etan izango da Basazabal jauregian.

Azpeitiko Udalak nerabeen gurasoei zuzendutako kafe solasaldia prestatu du astearterako, martxoaren 19rako, 18:00etan, Basazabal jauregian. Saioan Azpeitiko Gaztelekuko hezitzaileek eta abian jarri berri duten Familia Orientazio Zerbitzuko Janire Basurto psikologoak parte hartuko dute, Nerabezaroa eta gurasotasuna: arauak eta mugak zer? gai hartuta.

Udalak adierazi duenez, nerabeen gurasoek aipatu ohi dute faltan sumatzen dutela antzeko egoeran daudenekin elkartzea eta bizipenak partekatzea. "Izan ere, seme-alabak txikiagoak direnean, ohikoagoak izaten dira harreman horiek, ikastetxe atarian edota parkean". Horrez gainera, gurasoek beren seme-alaben eguneroko bizitzaren parte diren beste pertsona heldu batzuen ikuspegia ezagutzea eskertzen dutela azaldu du udalak. Kezka eta nahi horiek kontuan hartuta antolatu dute astearteko kafe solasaldia.

Saioari buruzko informazio gehiago jakin nahi duenak 943-15 71 61 telefono zenbakira deitu edota gazteria@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi dezake.