23. Korrika

Harro Euskaraz Eguneko ekintzekin laguntzeko boluntarioak behar dituzte

Iraia Oteiza 2024ko mar. 12a, 11:07

Larunbatean egun osoko egitaraua antolatu du AEK-k herrian, 23. Korrikaren alde. Ekintza ugari egingo dituzte, baina haurrentzako jolasak kudeatzeko boluntarioak behar dituzte.

Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta 23. Korrikarako, eta motorrak berotzeko, Harro Euskaraz Eguna antolatu du AEK-k Azpeitian. Larunbat honetan, askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango da herrian. Haurrentzako jolasekin hasiko dute eguna, eta 12:00etatik 13:00etara bitartean, herri kirolak egingo dituzte. Marrazkiak egiteko zein aurpegiak margotzeko aukera ere izango dute bertaratzen diren haurrek. Hain zuzen, jarduera horiekin laguntzeko boluntarioak behar dituztela jakinarazi du AEK-k.

Jarraian, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute Berdura plazan. Elikaguneak, elikadura burujabetzari lotuta duen filosofiari jarraituz, bertako produktuez egindako bazkaria prestatuko du, haurrentzat zein helduentzat, eta zeliako zein begetariano aukerak ere eskainiko dituzte. Bazkaldu ostean, bingo musikatua egingo dute Berdura plazan bertan. Bazkarirako txartelak Sanagustinen erosi beharko dira eta izena emateko epea ostegunera arte luzatu dute. Helduen txartelak 20 euroko prezioa du, eta haurrenak 12 eurokoa.

Arratsaldean, 19:00etan hasita, Skapaie elektrotxarangaz gozatzeko aukera izango da.