Itxita egongo dira zenbait udal zerbitzu bihar, langile publikoen grebaren ondorioz

Intza Trula 2024ko mar. 11a, 17:15
Azpeitiko langile publikoek egindako elkarretaratzea, joan den asteartean. (Aitziber Arzallus)

Iaz bi greba egun egin zituzten sektore publikoko langileek, eta bihar izango da hirugarrena. ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek babestu dute deialdia. Ondorioz, Azpeitiko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzua eta igerilekua itxita egongo dira.

Sektore publikoko langileen greba deialdiarkein bat eginda, Azpeitiko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzua eta igerilekua itxita egongo dira bihar. Izan ere, langile publikoen egoera "okerrera" doala ikusita, greba egingo dute bihar Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko langileek. Hirugarren lanuztea izango da biharkoa; urriaren 25ean egin zuten lehena, eta abenduaren 19an, berriz, bigarrena. Hala, ordezkaritzaren %80 baino gehiago diren ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deituta egingo dute biharko greba. Oraingoan, ordea, Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia.

Halere, Azpeitiko Udalak jakinarazi du Gizarte Zerbitzuen bulegoa irekita egongo dela, eta deialdiak ez duela eraginik izango kiroldegian, liburutegian, Emakumeen Txokoan eta Gazteria Sailaren zerbitzuetan (ludotekak eta Gaztelekua).

Sindikatuek azaldu dutenez, sektore publikoko langileen egoera "benetan" aldatzeko helburuarekin hartu dute mobilizazioekin jarraitzeko erabakia: "Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan". Honakoa gehitu dute: "EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira, eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrara, langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute".

Biharko lanuztearen aldarrikapenen artean daude soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8an kokatzea.