Aste Santurako haur eta gazteentzako ekintzak antolatu ditu udalak

Nerea Uranga 2024ko mar. 11a, 10:40
Haurren sukaldaritzako saio baten artxiboko irudia.

5 eta 12 urte artekoentzako nahiz 12 eta 18 urte bitartekoentzako ekintzak prestatu ditu Azpeitiko Udaleko Gazteria sailak. Dagoeneko, izena emateko aukera irekita dago, eta horretarako epea martxoaren 17an bukatuko da.

Aste Santurako Azpeitiko Udal Gazteria Sailak hainbat jarduera antolatu ditu 5-12 urte arteko umeentzat nahiz 12-18 urte arteko gazteentzat.

Ludoteketako ekintzak (HH5-LH6) martxoaren 25ean, 26an eta 27an izango dira. Bi egunetan, martxoaren 25ean eta 27an, goiz ekintzak egingo dituzte, eta martxoaren 26an, berriz, egun osoko irteera egingo dute.

Martxoaren 17ra arte egongo da izena emateko aukera, eta 15 euro ordaindu beharko da hiru egunetako ekintzetan parte hartzeko. Izen ematea online egitea gomendatzen da, baina, arazoak izanez gero, Gazte Informazio Bulegora jo daiteke: 943-15 71 60 zenbakira deituta, gib@azpeitia.eus helbidera idatzita edota Sindikatu Zaharreko 1. solairuko bulegora joanda.

Ekintzetan parte hartzeko ordaindu beharrekoa 15 euro da, eta hori ordaindu behar da Laboral Kutxaren ES28 – 3035 0020 51 0200900003 (Titularra, Azpeitiko Udala) kontu korronte zenbakian. Kontzeptuan haurraren izen abizenak adierazi beharko dira eta ordainagiria izen emateari atxiki beharko da edota gazteria@azpeitia.eus helbidera bidali. Behin ordainketa egindakoan, izena emateko honako formularioa bete behar da.

Gaztelekuko proposamena

Gaztelekuak 12 urtetik 18 urtera artekoentzako (DBH1-Batxi2) ekintzak antolatu ditu Aste Santurako. Ekintza bakoitzerako eman beharko da izena. Martxoaren 25ean egun guztiko (09:30-17:00) irteera egingo dute Hontza Extremera, eta jarduera horren kostua 15 eurokoa izango da. Martxoaren 26an, 15:00etatik 18:00etara, sukaldaritza saioa egingo dute, eta 2 euro ordaindu beharko dira parte hartzeko. Eta, martxoaren 27an, 10:00etatik 13:00etara, taldekako herri kirolak egingo dituzte, eta 5 euro ordaindu beharko dute taldeko. Gaztelekuak prestatutako ekintzetan parte hartzeko izena emateko epea martxoaren 17an bukatuko da.

Gaztelekuko ekintzetarako izena honako formularioa beteta eman beharko da.