Zabaldu dute Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko aukera

Intza Trula 2024ko mar. 7a, 15:51
Joxe Takolo bekaren aurkezpena. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar zenaren oroimenez emango dute beka aurten ere. 4.000 euroko laguntza izango da, eta martxoaren 20ra arte egongo da proiektuak aurkezteko aukera.

Joxe Takolo beka emango dute aurten ere Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak, Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar zenaren oroimenez, eta dagoeneko aurkeztu daitezke proiektuak. Gaur argitaratu dituzte 2024ko bekaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta gaur bertan eman dute horren berri Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak (EMF). Hain zuzen, martxoaren 20ra bitarte izango dute herritarrek proposamenak aurkezteko epea, eta 4.000 euro jasoko dituzte irabazleek.

Bekaren helburua goi mendiarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin eta dibulgazioarekin lotuta dauden proiektu "originalak, esploratzaileak eta dibulgazioak" bultzatzea da.

Irizpideak

Batzorde tekniko bat osatuko dute adituekin, eta behin proiektuak aurkezteko epea amaituta, horiek ebaluatuko dituzte, honako irizpideak jarraituz: proiektuaren originaltasuna (%29 gehienez); proiektuaren zailtasuna (%29 gehienez); parte hartzaileak (%21 gehienez); parte hartzaile euskaldunen kopurua (%7); parte hartzaileen parekotasuna (%7); Euskal Mendizale Federazioan edo Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen lizentzia izatea eskaera egin baino urte bat lehenagotik (%7); jardueraren eta baliabideen finantzaketa (%21 gehienez); aurrekontua (%7); proiektuaren iraupena (%7) eta proiektua gauzatuko den lekua (%7).

Hala, ebaluaketa eginda, azken proposamena eskuduntza duen organoari bidaliko dio batzorde teknikoak, eta hark esleituko du beka. Apirilaren hasieran jakinaraziko da erabakia.

Deialdia eta beka eskatzeko behar diren dokumentuak Azpeitiko Udalaren webgunean daude eskuragarri.