Inauteriak 2024

Herriak irmo gaitzetsi ditu karnabaletako sexu erasoak

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 12a, 19:40

Jendetzak egin du bat atzo izandako bortxaketa eta sexu erasoak salatzeko elkarretaratzearekin. Irmo erantzun dute herritarrek. 

Bart izandako bortxaketak ilundu ditu Azpeitiko karnabalak. Atzo, Elegante Egunez, emakume bat bortxatu zuten herrian, eta hori salatzeko jendez lepo bete da Azpeitiko plaza,  Azpeitiko herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen lelopean. Ustezko bortxatzailea atxilotuta dago, eta kasua ikerketapean dago. Horrez gain, bigarren sexu eraso bat ere gertatu dela baieztatu dute, eta bi erasoak lotuta daudela esan dute, nahiz eta lotura hori zein den ez duten azaldu.  

Udalak deitu du protesta, eta bat egin dute hainbat eragilek, hala nola Azpeitiko EH Bilduk, Azpeitiko EAJk, Urola Erdiko Itaiak, Azpeitiko Ernaik eta Emakumeen Txokoak. 

Nagore Alkorta alkateak hartu du hitza kontzentrazioaren amaieran, eta erasoak salatu ez ezik,   prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraituko dutela azpimarratu du.