Festa, natura eta giro ederra, zumitzezko jolasgunearen irekieran

Unax LarraƱaga 2024ko urt. 28a, 15:10

Haurren Kontseiluak egindako eskaera bati erantzunez sortu zen zumitzezko labirintoa eraikitzeko ideia, eta gaur goizean ospatu dute "parke biziaren" irekiera. Jolasak, hamaiketakoa, musika eta, oro har, festa girorik ez zen falta Loiola hiribideko belardian.

Festa giroan ospatu dute zumitzezko labirintoaren irekiera gaur goizean. Jolasteko, jan-edanerako eta lanerako goiza izan da gaurkoa, Loiolako hiribideko belardian. Hamaiketako goxoaren laguntzaz egin dituzte labirintoa amaitzeko lanak, eta giro ederrean gozatu dute bertaratu direnek.

Haurren Kontseiluak duela hilabete batzuk egindako eskaera bati erantzunez egin dute labirintoa. Jon Unanue eta Karmen Olano ludotekako eta Gaztelekuko hezitzaileek azaldu dutenez, haurrek "beraiek sortutako espazio bat" lortu dute aisialdirako. "Gaztetxoek beraien adinera gehiago egokitzen zen parke baten eskaria egin zuten, eta hortik abiatu zen guztia", adierazi du Olanok. "Gero Garaionekin kontaktuan jarri ginen, eta Udalak onartu egin zuen proposamena, eta hemen gaude orain". Diseinu lanetan haurrak ibili zirela esan du Unanuek: "Hasieratik parte hartze zuzena izan dute haurrek, eta ez da egon irabazle bat proposamenen artean. Proiektu guztiak hartu, eta bakoitzak zituen ideia politenetatik atera da diseinu hau, eta Garaioneko kideek sortu dute azken maketa".

Gaurko eguna, ospakizunerako ez ezik, lanerako ere izan dela azpimarratu dute: "Oraindik ez dago lan guztia amaituta, beraz gaur irekiera eta landaketa eguna izan da. Ekoetxean elkartu gara 10:00etan eta ongi etorria eta beroketa saio baten ostean landaketari ekin diogu". Espazio berri honen etorkizunari begiratu dio Unanuek: "Udara begira haurrentzako jolasteko eta aisialdirako espazio bat gehiago izatea espero dugu, eta adin batetik aurrerako haurrentzat topaleku bilakatzea gustatuko litzaiguke".

Alazne Goñi Garaioneko kide da, eta zumitzezko jolasgune biziak egitea da bere lana. "Guretzako horrelako parkeak sortzea, diseinatzea, eta elkarlanean jendearekin lan egitea oso garrantzitsua da. Jolasguneak eraldatzen ditugu, eta horrela jolasteko modua bera ere aldatzen dugu. Gainera, horrelako lan ederrak egiteak harro sentiarazten gaitu. Oso polita izan da haurrekin lan egitea, hiru ikastetxeekin lan egin dugu, eta guztira hamasei geletako diseinuak jaso genituen. Ondoren, guztion artean saiatu ginen maketa guztietatik zerbait hartzen eta azkenik diseinu bakarra egiten, guztien ideiak kontuan hartuta. Zumitzak aukera handia ematen digu, tolesteko malgua delako, eta horrelako formak egiten uzten digu. Gainera jolasgune bizia egitea lortzen dugu, eta urtaroen aldaketak eta naturaren prozesu guztia ikustea ahalbidetzen digu".