Euripean iritsi dira Errege Magoak Azpeitira

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 5a, 17:47

Lasaon haurrak agurtu ostean, txu-txu trenez iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara. Euria eginagatik, harrera beroa egin diete han zain zeuden haurrek eta gaztetxoek. Ikus-min handia eragin dute hiru erregeen jantzi berriek. 19:00etan hasiko da kabalkada igerilekuaren paretik. Azkenean, ibilbide laburra egitea erabaki dute, eta igerilekutik zuzenean plazara joango dira. 

Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak dagoeneko iritsi dira Azpeitira. Ohi bezala, 16.40 aldean iritsi dira horiek Lasaora, eta hango haurrak agurtuta, herrigunera etorri dira txu-txu trenean. Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren atarian egin dute lehen geldialdia, eta han elkartutako haurrek eta gaztetxoek harrera beroa egin dite Errege Magoei. Hiru protagonistek jantziek jakin-mina sortu dute; izan ere, hainbat urtez erabili dituzten jantziak erretiratu dituzte aurten, eta oihal berriak soinean iritsi dira herrira. Karrozak ere berriak izango dira, baina horiek ikusteko kabalkadaren unera arte egon beharko dute herritarrek. 

Elizaren atarian hainbat herritarrek aprobetxatu dute unea Errege Magoekin argazkiak ateratzeko; hori bai, euria tarteko, beste urteetan baino jende gutxiago animatu argazkiak ateratzera. Ondoren, ohiturari jarraituz, hiru erregeek parrokiko jaiotza bisitatu dute. Irteeran, zorroak nahiz patrikak gozokiz betetzeko aprobetxatu dute haurrek eta gaztetxoek, eta kabalkadaren zain gelditu dira.

Kabalkada 19:00etan hasiko da igerilekuaren paretik, herriko ikastetxeetako ikasleak bidelagun dituztela. Azkenean, ibilbide laburra egitea erabaki dute, eta igerilekutik zuzenean plazara joango dira.