Inar optika, Kotoi mertzeria eta Irene Altuna loradenda, XII. Erakusleiho Lehiaketako irabazleak

Iraia Oteiza 2023ko abe. 28a, 10:00

Saritu guztiak, udal ordezkariak eta merkatari elkarteko arduradunak, Sanagustinen. (Iraia Oteiza)

Inar optikak irabazi du lehiaketako sari nagusia. Kotoi mertzeria izan da bigarren saritua, eta hirugarrena, Irene Altuna loradenda. Bestalde, Agirre opari dendak udalaren eta Bertanen aitortza jaso du dendaren 100. urteurrenagatik. Kibuc Gure Ametsa eta Zuri beltz dendek ere aitortza jaso dute 25. urte bete izanagatik.

Atzo, asteazkena, banatu zituzten Azpeitiko Gabonetako XII. Erakusleiho Lehiaketako sariak, Sanagustin kulturgunean. Erakusleiho onenaren 600 euroko saria Inar optikak irabazi du; bigarrena, 400 eurokoa, Kotoi mertzeriak eskuratu du; eta hirugarrena, 200 eurokoa, Irene Altuna loradendak. Guztira 29 dendak hartu dute parte lehiaketan. Erakusleihoetan aditua den Jorge Malkorrak baloratu ditu erakusleiho guztiak, eta bera izan da hiru saridunak hautatu dituena.

Aitortza bereziak

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak 25, 50, 75 edo 100 urte betezen dituzten dendei aitortza egin ohi die. Atzo, Agirre opari denda, Kibuc Gure Ametsa altzari denda eta Zuri beltz moda denda omendu zituzten erakundeak eta merkatari elkarteak. Aurten, 100 urte bete ditu Agirre opari dendak, eta oroigarria eman zioten "herria bizi mantentzeko merkataritza txikiak egiten duen lan guztiagatik". Iñigo Agirrek jaso zuen oroigarria eta esker oneko hitzak baino ez zituen izan. 25 urte bete izanagatik, berriz, Kibuc Gure Ametsa altzari dendak eta Zuri beltz moda dendak jaso zuten oroigarria.

Zuri beltz, Kibuc Gure Ametsa eta Agirre dendetako ordezkariak, oroigarriekin. (Iraia Oteiza)