Kantuz eta dantzan hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 24a, 14:02

Eguerdian iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Azpeitira, gurdi gainean. Kalejiran herriko kaleak zeharkatu ostean, plazan egin dute geldialdia; herritar ugari bertaratu da haiei harrera egitera.

Mari Domingi eta Olentzero iritsi dira Azpeitira. Gurdi gainean, opari ugari eta poza barreiatuz zeharkatu dituzte herriko kaleak, haiei harrera egitera atera diren herritar ugariri agur eginez. 12:30ean San Martin egoitzaren paretik abiatu dira, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili ostean, plazan egin dute geldialdia.

Tuntturroek, txistulariek eta musika eskolako soinujoleek parte hartu dute kalejiran. Horrez gain, Olentzeroren eta Mari Domingiren alboetan, argitxo gaztetxoak kandelekin, ikazkinak eta bi asto opariz bete-beteta joan dira. Plazara iristean, agurra dantzatu diete Itsasiko umeek, eta bertsoak kantatu dizkiete Karmelo Etxegaraiko, Ikasberriko eta Iraurgiko ikasleek. Ondoren, zenbait Gabon kanta abestu dituzte plazan bildu direnek, eta gaztainak banatu dituzte. Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko nahiz haiei gutunak emateko aukera ere izan dute herritarrek.