Harrera beroa egin diete Olentzerori eta Mari Domingiri herriko ikastetxeetan

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 20a, 17:58

Gabonetako oporrak hartzearekin batera, Olentzero eta Mari Domingiren bisita jaso dute gaur Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek. Ikasberrin, Karmelo Etxegarain eta Iraurgin izan dira Olentzero eta Mari Domingi, eta gogoz hartu dituzte ikasleek. Iraurgi ikastetxeko Haur Hezkuntzako ikasleak, berriz, Mirandaolara joan dira, Olentzero bisitatzera.

Urteroko ohiturari jarraituta, eta Gabonetako oporrak hartzearekin batera, Olentzerok eta Mari Domingik bisita egin diete gaur Azpeitiko ikastetxeetako ikasleei. Haurrek eta gaztetxoek ilusioz hartu dute ikazkinaren eta haren lagunaren bisita, eta haiei gutunak eta bestelakoak emateko aprobetxatu dute.

Iraurgi ikastetxeko Haur Hezkuntzako ikasleak Mirandaolan, Legazpin, izan dira Olentzeroren etxean, hura bisitatzen. Olentzero, ordea, Azpeitira ere iritsi da, eta goizean Iraurgi ikastetxean izan da txikienei bisita egiten. Musika, opariak eta txorizo pintxoak ere ez dira falta izan. 

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleek ere gogoz hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi ikastetxean. Aurrena, Euskal Herria kaleko eraikinera joan dira, eta ondoren Perdillegikora. Bigarren bisita horretan, frontoian elkartu dira maila guztietako ikasleak eta irakasleak, eta kantuz hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi. Hamaiketakoa egiteko tartea ere hartu dute. 

Azpeitiko Ikastola Ikasberrira, berriz, arratsaldean iritsi dira Mari Domingi eta Olentzero. Goizean zehar, Santo Tomas Egunaren ospakizunari aurrea hartuz, ikasleek gurasoek prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan dute, txorizoa besteak beste.

Ondoren, urtero bezala, suaren ekitaldia egin dute kiroldegian, gauza txarrak uxatzeko eta urte berrirako desioak eskatzeko aukera aprobetxatu dute ikasleek. Arratsaldean, Olentzero eta Mari Domingiren bisita izan da gertakari nagusia. Merezi duten ongietorria eman ondoren, txikienek bakarka agurtu eta elkarrekin abesteko aukera izan dute.

Ikastetxeetako bisitak egin ostean, abenduaren 24an itzuliko dira Olentzero eta Mari Domingi Azpeitira. Egun horretan 12:00etan aterako dira San Martin egoitzaren aurretik, ondoren gurdi gainean kalejira egiteko. 

(Argazkiak: Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Iraurgi Ikastetxea eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri)