Urtea ondo bukatzeko mezuekin, ibilbidea moldatuta eta inklusioz beteta dator 22. San Silbestrea

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 20a, 12:34

Xeyeko, udaleko, Marea Urdinako eta Goienetxe fundazioko ordezkariak, 2023ko San Silbestre lasterketaren aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Sei kilometroko lasterketarako dortsal guztiak agortuta dauden arren, hiru kilometroko lasterketan izena eman daiteke oraindik. Dagoeneko zehaztu dituzte zein izango diren Sei kilometro, sei esaldi egitasmoaren barruan aukeratu dituzten leloak. Probaren antolatzaileek herritarrei dei egin diete abenduaren 31n kalera atera eta korrikalariak anima ditzaten. 

Dena prest dute abenduaren 31n egingo den 22. San Silbestre lasterketarako. Atzo, asteartez, egin zuten probaren aurkezpen agerraldia Xeye atletismo taldeko, Azpeitiko Udaleko, Goienetxe fundazioko eta Marea Urdinako ordezkariek, lasterketaren inguruko azken xehetasunak azaltzeko. Iazko lelo bera izango du probaren 22. edizioak: Ondo bukau, hobeto hasi!. Dena den, ohiko ezaugarriak mantenduko diren arren, hainbat berrikuntza eta moldaketa izango dira aurtengo edizioan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2022. urteko ibilbideari "hobekuntza batzuk" txertatuko dizkiete, baina distantzia mantendu egingo dute; hau da, sei kilometroko ibilbidea izango da. Ohi bezala, 12:00etan Azpeitiko plazatik abiatuko da lasterketa nagusia. Aurten, Loiolabideko biribilguneraino joango dira korrikalariak, iaz ez bezala; izan ere, joan zen urtean Errebaletik behera jaisterakoan, Matxinada kalera hartu behar zuten korrikalariek, eta horrek korrikalarien pilaketak eragin zituen Artzubia inguruan batez ere. Iazko esperientziatik ikasita, aurten ibilbidean moldaketa txiki batzuk egin dituzte, herritarrak erosoago ibil daitezen. 

Sei kilometroko lasterketaz aparte, azken urteetan ohikoa bilakatu den lasterketa inklusiboa ere egingo dute, 11:00etan, plazatik hasita. Marea Urdinako eta Goienetxe fundazioko kideek eskerrak eman dizkiete udalari eta Xeye taldeari, "inklusioari lekua" egiteagatik.

Lasterketa nagusirako dortsalak abenduaren hasieran agortu ziren. Guztira, 900 dortsal jarri zituzten eskuragarri, eta ondoren beste 50. Hala ere, guzti-guztiak agortu ziren. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emakumeen eta gizonen parte hartzea "nahiko orekatua" izango da. Hain zuzen, parte hartzaileen %40 emakumeak izango dira eta %60 gizonak. Horietatik guztietatik gehienak azpeitiarrak izango dira, eta gainerakoak eskualdeko herrietakoak. Hori "pozgarria" dela uste dute Xeyeko kideek.  

Lasterketa motzeko dortsalak eskuragarri

Berrikuntza bat ere izango da aurtengoan: lasterketa inklusiboaren eta lasterketa nagusiaren artean, itzuli bateko eta hiru kilometroko lasterketa motzagoa egingo dute, 11:30ean hasita, 12 urtetik gora izan eta korrika egin nahi dutenei zuzenduta. Izan ere, lasterketa nagusia 14 urtetik aurrerakoei zuzenduta dago, eta "gazteagoek ere urte amaiera modu berean agurtzeko aukera izan dezaten" sortu dute proba hori. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, guztira 300 dortsal jarri dituzte eskuragarri lasterketa motzerako, eta oraingoz 90 inguru soilik eman dute izena proba motzerako. Beraz, Xeyeko kideek adin guztietako herritarrei dei egin diete nahi izatekotan proban parte hartzeko.  

Izan ere, lasterketa motz horretan, gaztetxoez aparte, helduek ere parte hartu ahal izango dute, gurasoek eta seme-alabek bat egin nahi badute. Modu horretan, antolatzaileek "jai giroa" sortu nahi dute urteko azken egunean Azpeitiko erdigunean. Abenduaren 30ean itxiko dute izen-ematea. 

Boluntarioen ekarpena ere azpimarratu dute Xeyeko kideek. Nabarmendu dute "ezinbestekoa" dela lasterketaren prestaketan ekarpena egiten duten herritarren ekarpena, eta gogoratu dute norbaitek boluntario lanetan lagundu nahiko balu, Xeyeko kideekin harremanetan jartzeko aukera duela. Zentzu horretan, Agustin Jimenez Xeyeko kide eta probaren antolatzaileak Marea Urdinako, Txolarteko eta Goienetxeko kideen ekarpena eskertu du, baita Azpeitiko Udalarena ere, "baliabideak errazteagatik". 

Sei leloak, zehaztuta

Aurtengo San Silbestre lasterketari begira, ekimen berri bat abiatu du Xeye atletismo taldeak: 6km, 6 esaldi, Ondo bukatu, hobeto hasi! lelopean. Lelo hori edota urteari bukaera on bat emateko balioko duten herritarren esaldiak bildu dituzte, eta jasotako esaldi guztietatik sei aukeratu dituzte. Esaldi horietako bakoitza probaren kilometro puntu bakoitzean jarriko dute, baita banatuko dituzten garaikurretan ere, eta aukeratuta sei esaldien egileek bi pertsonentzako afari bonu bana jasoko dute Azteko tabernetan afaltzeko.

Guztira, 90 esaldi inguru aurkeztu dituzte herritarrek, eta horien artean sei aukeratu dituzte Kulturazeko eta UKTko ordezkariek. 

Honako hauek dira aukeratu dituzten sei esaldiak: 

  1. Euskaraz eta elkarrekin, 2024ra gogoarekin.
  2. Etortzear dagoenarekin amestu. 
  3. Ospatuz bukatu, gozatuz hasi. 
  4. Aldapan gora, aldapan behera, iritsi gara helmugara.
  5. Antxintxike bukau, lasterka hasi. 
  6. Ez da helmuga, bidaia da. Eguneroko abenturaz goza dezagun. Zorionak 2024! 

Xeyeko kideek herritarrei dei egin diete abenduaren 31an proban parte hartzen duten korrikalariak animatzera joateko. "Horrek ere sortzen du festa giroa".