Irudhitzen lehiaketa

Oier Etxeberriak irabazi du aurtengo Irudhitzen lehiaketaren testuen atala

Erredakzioa 2023ko abe. 15a, 16:20

Urtarrilaren 2an zabalduko du Uztarriak aurtengo lehiaketara aurkeztutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa. Sanagustin kulturgunean egongo dira ikusgai, urtarrilaren 12ra arte.

Oier Etxeberria izan da Uztarria Komunikazio Taldeak antolatutako Irudhitzen lehiaketaren zazpigarren edizioaren irabazlea. 2024. urteko egutegia osatzeko bidean, Uztarriak Julen Galarraga, Leire Larrañaga, Unax Larrañaga, Alazne Zinkunegi, Erik Aznal, Miren Mendizabal eta Kris Fernandez azpeitiarren kolaborazio bidez osatu ditu argazkiak.

Ondoren, argazki horiei hitzak jartzeko lehiaketa egin zuen Uztarriak, eta Yolanda Rodruiguez, Oier Etxeberria, Ane Intxaurburu, Miren Puertas, Ane Borda, Kimetz Zelaia, June Larrañaga, Ibai Uranga, Ixabel Jauregi, June Olaziola, June Rubio, Naiara Iriarte, Ekaitz Urbieta, Ane Larrañaga eta Irati Astiazaran herritarren lanak aukeratu ditu egutegian argitaratzeko. Argitaratutako hamabi lanetatik Oier Etxeberriaren testua izan da irabazlea, epaimahaiak hala erabakita, eta hark eskuratu du 150 euroko diru saria.

Honako hau da Etxeberriak idatzitako testua:

Kamioikada txatar baskulan

Burni salda irakiten

Laminazio arraboletan

Palankilei eragiten

Zikindutako buzo laranjak

Txanponaren irudipen

Labeetan ez zekiten

Krisiari mailu kirten

Korrugatua egiten

Herdoildutako tximiniari

Kea zerion noizbaiten

Inozenteak ginen artean

Toboganak ziruditen

Banaketa eta erakusketa

Aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi irudi eta testurekin osatutako 2024ko egutegi hori datozen egunotan jasoko dute Uztarriaren bazkideek. Erakusketa, berriz, urtarrilaren 2an zabalduko du Uztarriak. Sanagustin kulturgunean egongo dira ikusgai aurtengo lehiaketara aurkeztutako irudiak eta testuak, urtarrilaren 12ra arte.