Bost etxebizitza tasatu esleituko ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 7a, 16:14
IƱaki Azpiazu kaleko etxebizitzen etxaurrea. (Azpeitiko Udala)

Bi eta hiru logelatako etxeak dira, aurreko esleipen prozeduretan hutsik geratutakoak. Buztinzuriko Errebaleko 4. zenbakiko erregimen orokorreko udal etxebizitza tasatuak dira bi, eta Iñaki Azpiazu kaleko 20. eta 22. zenbakietan dauden erregimen berezikoak, beste hiruak. Horien zozketan parte hartzeko, urtarrilaren 31erako eman behar da izena.

Bost etxebizitza publiko jabetzan esleitzeko prozedura berria iragarri du Azpeitiko Udalak. Bi eta hiru logelatako etxeak dira, aurreko esleipen prozeduretan hutsik geratutakoak, hain zuzen.

Buztinzuriko Errebaleko 4. zenbakiko erregimen orokorreko udal etxebizitza tasatuak dira bi, eta Iñaki Azpiazu kaleko 20. eta 22. zenbakietan dauden erregimen bereziko udal etxebizitza tasatuak, beste hiruak. Etxebizitzekin batera, trastelekuak ere esleituko ditu erakundeak Errebaleko bi etxeen kasuan; eta trastelekuak eta garajeak, Iñaki Azpiazu kaleko hiru etxebizitzekin batera. Azpiko taulan zehaztu ditu udalak etxebizitza bakoitzaren ezaugarriak zein prezioa:

Zozketarako baldintzak eta epeak

Notario aurreko zozketa publikoan emango ditu etxeak udalak, aurrerago zehaztuko dituen egunean eta orduan. Zozketa horretan parte hartu nahi duten herritarrek urtarrilaren 31 izango dute izena emateko azken eguna; eskaera ereduak udaletxeko sarrera erregistroan, udalaren egoitza elektronikoan (azpeitia.eus) eta Azpeitia Berritzenen bulegoan daude eskuragai –azken hori da etxebizitzen sustatzailea–, eta hiru tokiotan aurkez daitezke eskaerak. Pertsona bateko bizikidetza unitateek zenbaki bat izango dute zozketan; bi pertsonakoek, bi zenbaki; eta hiru kide edo gehiagokoek nahiz guraso bakarreko familiek, hiru.

Zozketan parte hartzeko eskatzaileek bete beharreko baldintzak ere zehaztu dituzte, hiru ataletan banatuta:

Baldintza pertsonalak

  • Adinez nagusi den pertsona fisikoa edo adingabe emantzipatua izatea. Bizikidetza unitateen kasuan, zenbait egoeratan, adinez nagusi diren guztiek izan beharko dute titularkide.
  • Azpeitian erroldatuta egotea: erreferentziatzat 2024ko urtarrilaren 1a hartuta, gutxienez hiru urtez azken bost urteetan, gutxienez bost urtez azken hamabost urteetan, edo azken hamar urteetan Azpeitian lan egin izana. Eskaeran titular bat baino gehiago badaude, nahikoa izango da batek betetzea baldintzak.

Etxebizitza beharraren baldintzak

  • Azpeitiko udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantzako 8. artikuluak ezarritako etxebizitza premiari buruzko baldintzak betetzea.

Baldintza ekonomikoak

  • Erregimen orokorreko udal etxebizitza tasatuetan, onuradunen gehienezko diru sarrera haztatuak 63.472,50 eurokoak izango dira, eta gutxienekoak 27.125 eurokoak; erregimen berezikoetan, gehienezko diru sarrera haztatuak 55.009,5 eurokoak, eta gutxienekoak 27.125 eurokoak. 2022ko ekitaldiko PFEZ hartuko da kontuan.

Gaur, abenduaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu dituzte deialdi honen oinarriak osorik.