Ireki dute Perretxikoa zenaren ondoko aparkalekua

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 9a, 14:51
Oktogonoko aparkalekua. (Maialen Etxaniz)

Gaurtik erabilgarri dago Oktogonoko aparkalekua. Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte beharrei erantzuteko adinekoen egoitza berria eraikiko dute Perdillegi eremuan. Laster botako dute Juan Antxieta musika eskola, Atzegi nahiz Udal Euskaltegia hartzen zituen eraikina ere. 

Urriko azken astean bota zuten Perretxikoa izenez ezaguna zen eraikina, eta obrak tarteko, eremu hori itxita egon da gaur arte. Oktogonoa bota osteko obra-hondakinak eremutik kendu dituzte jada, eta erabilgarri jarri dute berriro eremu horretan zegoen aparkalekua. 

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko azaroan jakinarazi zuten gizarte beharrei erantzungo zien eraikin bat egiteko asmoa zutela Perdillegiko eremuan, eta proiektu hori gauzatu ahal izateko eraitsi dute Oktogonoa. Udalak San Martin egoitza egun kokatzen den gunea handitu nahi zuen berez, biztanleriaren zahartzeari eta herritarren beharrei erantzuteko, baina eremu horretako "uholde arriskuak" tarteko, ez zen hori posible izan. Orduan erabaki zuten beste gune batean egoitza berria egiteko hariak mugitzen hastea.

Aldundiak eta udalak adostuta dute zer zerbitzu jarriko dituzten eraikin berrian. Guztira, 125 plaza izango ditu adinekoen egoitza berriak. Horietatik 110 adinekoei zuzendutakoak izango dira, eta hamabost desgaitasun psikikoa dutenei zuzendutakoak. Gainera, 20-30 pertsonari zuzendutako eguneko zentroa ere izango da Perdillegiko gune berrian.

Laster botako dute Juan Antxieta musika eskola, Atzegi nahiz Udal Euskaltegia hartzen zituen eraikina ere. Hori horrela, musika eskola Dinamora lekualdatuko dute, eta Udal Euskaltegia eta Atzegi Perez Arregi plazako Telefonica zenaren gunean daude dagoeneko.