Bota dute Perretxikoa

Ihintza Elustondo 2023ko urr. 27a, 15:51

Erabilera baterako ala besterako, herritar askok eta askok zapaldu dute azken urteotan Oktogonoa izeneko eraikina, eta herriko historiaren ikonoetako bat bilakatu da. Eraikinak duen forma berezia tarteko, ordea, Perretxikoa izenez ezagutu dute herritar gehienek gunea. Gaur, harri multzo bat besterik ez da eraikina; gaurko egunez, Azpeitian Perretxikorik ez da.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoentzako edo Urola Ikastolakoentzako, ikastetxea; musikarientzako, musika eskola; euskaltzaleentzako, Udal Euskaltegia; helduaroan ikasteko grina piztu zaienentzako, Helduen Hezkuntza zentroa; jostarientzako, jolaslekua; gidarientzako, aparkalekua... Erabilera baterako ala besterako, herritar askok eta askok zapaldu dute azken urteotan Oktogonoa izeneko eraikina, eta herriko historiaren ikonoetako bat bilakatu da lekua. Eraikinak duen forma berezia tarteko, ordea, Perretxikoa izenez ezagutu dute herritar gehienek gunea. Gaur, harri multzo bat besterik ez da eraikina; gaurko egunez, Azpeitian Perretxikorik ez da.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko azaroan jakinarazi zuten gizarte beharrei erantzungo zien eraikin bat egiteko asmoa zutela Perdillegiko eremuan, eta proiektu hori gauzatu ahal izateko eraitsi dute Oktogonoa. Udalak San Martin egoitza egun kokatzen den gunea handitu nahi zuen berez, biztanleriaren zahartzeari eta herritarren beharrei erantzuteko, baina eremu horretako "uholde arriskuak" tarteko, ez zen hori posible izan. Orduan erabaki zuten beste gune batean egoitza berria egiteko hariak mugitzen hastea.

Aldundiak eta udalak adostuta dute zer zerbitzu jarriko dituzten eraikin berrian. Guztira, 125 plaza izango ditu adinekoen egoitza berriak. Horietatik 110 adinekoei zuzendutakoak izango dira, eta hamabost desgaitasun psikikoa dutenei zuzendutakoak. Gainera, 20-30 pertsonari zuzendutako eguneko zentroa ere izango da Perdillegiko gune berrian.

Egoitza berria Perdillegin egiteko, dagoeneko bota dute Perretxikoa, eta laster botako dute Juan Antxieta musika eskola, Atzegi nahiz Udal Euskaltegia hartzen zituen eraikina ere. Hori horrela, musika eskola Dinamora lekualdatuko dute, eta Udal Euskaltegia eta Atzegi Perez Arregi plazako Telefonica zenaren gunean daude dagoeneko.

(Argazkiak: Kaiet Mujika)