Iraurgiko jolastokia aparkatzeko irekiko dute gaur, Etxe Alain eta Arana Goikoan pintaketak egiteko

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 6a, 17:50
Errepidea eta aparkalekuak margotzeko lanak Paulo VI.a auzoan, joan den abuztuan. (Aitziber Arzallus)

Bi auzo horietan aparkalekuak hustu beharko dituztenez, ikastetxeko jolastokian utzi ahalko dira ibilgailuak bihar gauera arte. Olazko Andre Mariaren plazan eta 1766ko Matxinada kalean ere margotuko dituzte lurreko seinaleak bihar.

Uda aurretik hasi ziren errepide eta aparkalekuen pintaketa lanekin jarraitzen du Azpeitiko Udalak, eta horrekin lotuta, datozen orduetarako aldaketak iragarri ditu zenbait aparkalekutarako.

Bihar goizean, esaterako, "lehen orduan" margotuko dituzte Etxe-Alai eta Arana Goikoa auzoetako errepideak eta aparkalekuak. Gune horietan aparkalekuak hustu beharko dituztenez, trukean Iraurgi Ikastetxeko jolastokia aparkatzeko irekiko dutela jakinarazi du udalak; gaurtik bihar gauera arte utzi ahalko dira ibilgailuak Iraurgin.

Etxe-Alain eta Arana Goikoan lanak bukatu ondoren, Olazko Andre Mariaren plazan eta 1766ko Matxinada kalean ere margotuko dituzte lurreko seinaleak bihar.

"Aurrez barkamena eskatu" die udalak herritarrei, aipatu lanen eta aldaketen ondorioz "sor daitezkeen endredoengatik".