Mendiak mendi

Ander Labaka Iparragirre 2023ko ira. 6a, 13:41

Ander Labaka Iparragirrek honako gutun hau bidali du erredakziora, Statkraft taldeak Sañu mendian egin nahi duen parke eolikoaren harira:

Irailaren 21ean urtea beteko da Sañu mendian egin asmo duten proiektu txikitzailea tarteko, herritar talde bat elkartzen hasi ginenetik.

Gogoan dut lehen batzarra egin zenekoa, sindikatu zaharra leporaino bete genuenekoa, eta etor lekigukeenaren inguruan bertaratutakoon kezka agerikoa zenekoa; informazio nahasia izateaz gain, erakundeak zein enpresa ezkutuka baitzebiltzan.

Aste gutxiren buruan, herritarron urduritasun eta presioak tarteko, udala eta multinazionala azalpenak ematera bultzatu genituen; baina Soreasu antzokian bildutako asko lasaitu ordez, aurkakoa lortu zuten, ardi larruz jantzita aurkeztu ziren otsoak agerian geratu baitziren.

Urtea igarotzear den honetan kontuak berdintsu darrai, inork ez du azalpen argirik eman nahi, eta itxura denez, joku arauak aldatu nahian dabiltza, gainera. Salatzekoa da Industria Saila, filtrazioak aitzakiatzat jarriz, bere esku dituen proiektu zein azterketen emaitzak ematea oztopatzen aritu izana, eta baita Statkraft taldea lanak azkartu nahian ibiltzea ere.

Non gelditu da Soreasu antzokian abiaturiko “gardentasun” ariketa hura? Non herritarron informazio eskubidea?

Amaitzeko, ezin nezake aipatu gabe utzi igaro den ikasturtean antolaturiko egitasmoek izan duten babesa, prentsaurrekoetatik hasi eta hitzaldi, manifestazio, atxikimendu, edota mendi martxetaraino. Bejondeizuela horietan parte hartu eta antolatzen lagundu duzuen guztioi!

Irailetik aurrera ere, ikasturte berria hastearekin batera, hainbat ekimen antolatzen jarraitzeko asmoa dugu. Beraz, ekimenok bultzatu zein beraietan parte hartzen jarraitzeko gonbita luzatu nahi genizueke, poligono bihurtu nahi dizkiguten baso eta larreak aurrerantzean ere mendi izaten jarrai dezaten.