Santioak eta saninazioak 2023

Festak "giro onean" joan direla eta, saninazioen "balorazio positiboa" egin du udalak

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 3a, 13:16

Saninazioetako txupinazoaren uneko irudia. (Julene Frantzesena)

Kalean "giro ona" eta kontzertuetan "jende ugari" izan dela nabarmedu du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Eskerrak eman dizkie antolaketa lanetan aritu diren eragileei eta festa egunetan lanean aritu diren udal langileei. Indarkeriarik gabeko gune morean "jende ugari" ibili dela ere aipatu du erakundeak.  Era berean, "festak ilundu" dituen ezbeharra tarteko, Azpeitiko Udalak doluminak eman dizkie moto istripuz hildako azpeitiarraren senideei. 

Saninazioak bukatuta, festen "balorazio positiboa" egin du Azpeitiko Udalak. Uztailaren 21etik atzora bitartean ehundik gora ekintza izan dira herrian, eta erakundeak azaldu duenez, "oro har ondo joan dira guztiak". Mikel Odriozola Festa batzordeburua "gustura" dago festek utzitakoarekin; bereziki "kale giro ederra eta kontzertuetan jende ugari" izan dela azpimarratu du Odriozolak.

Balorazioa egitearekin batera, "esker ona" adierazi nahi izan du Festa batzordeburuak, eta eskerrak eman dizkie jaien antolaketan aritu diren eragileei. "Festak ondo joateko, elkarlana eta lana egin behar dira. Festaz gozatu ahal izateko antolatu egin behar izaten dira gauzak, eta herriko eragileei eskerrak eman nahi dizkiet festen antolaketan izandako inplikazioagatik. Saninazioak guztion artean antolatzen ditugu, eta hori da festa hauen gakoetako bat", adierazi du Odriozolak. Era berean, festa egunetan lan egiten duten udal langileen "esfortzua" ere eskertu du, eta horiek egiten duten eta "ikusten ez den lan isila" goraipatu du: "Eskerrak eman nahi dizkiet festetan lanean aritu diren brigadako langileei, kale garbitzaileei, eraikin garbitzaileei, udaltzainei eta udal teknikariei, bereziki. Herritarrek festak gozatu ahal izateko ikusten ez den lan isila egiten dute horiek". 

"Guztiontzako festak" antolatzea da udalaren xedeetako bat, eta bide horretan aurten ere hainbat neurri hartu ditu erakundeak. Esaterako, barraketan musikarik gabeko ordutegia eta ordu bereziak jarri dituzte, eta plazako kontzertuak entzuteko gune berezia egokitu dute mugikortasun arazoak dituztenentzat. Aurrera begira, "pauso gehiago ematea" da udalaren helburua, Odriozolak adierazi duenez.

Indarkeria matxistaz eta erasorik gabeko gune moreaz ere egin du balorazioa udalak. Erakundeak esan duenez, uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean "jende ugari" beratatura da Plaza Txikian jarritako gunera, batez ere, "informatzera eta indarkeria matxistaren aurkako zein emakumeek eta LGTBIQ+ pertsonek jaiez aske gozatzeko duten eskubidearen aldarria zabaltzeko pegatina eta esku-orriak hartzera". "Jakin badakigu, espazio publikoa eta herriko jai-guneak oraindik ere ez direla espazio seguruak askorentzat, horregatik, herriko esparru eta gune ezberdinetan lanean jarraitu behar dugu indarkeria zantzurik txikiena desagerrarazi arte", adierazi du udalak.

Saninazioen balorazio positiboa egin arren, Azpeitiko Udalak doluminak eman nahi izan dizkie San Inazio egunean moto istripuz hil zen azpeitiarraren senideei: "Ondo joan badira ere, uztailaren 31 arratsean istripuz hildako azpeitiar gaztearen heriotzak ilundu egin ditu festak, eta Azpeitiko Udalak doluminak eman nahi dizkie haren senideei eta gertukoei".