Santioak eta saninazioak 2023

Agintarien harrera, Sañu Biziriken protesta, meza eta Bakailao Txapelketa, San Inazio bigarrenari ekiteko

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 1a, 15:23

Loiolan, Azpeitiko Udaleko, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak izan dira protagonistak. Sañu Bizirikeko kideek protesta egiteko baliatu dute hitzordua. Plazan, Bakailao Txapelketa izan da, eta Asier Aizpuru eta Antton Uranga izan dira aurtengo irabazleak. Sorpresaz hartu dute epaia, ez baitzuten saria irabazterik espero. Elkarterik onenaren koilara, aldiz, Zulo Zabalek berreskuratu du, Oilo Soro soziedadean urtebete pasatu ostean. Hona hemen goizak utzitako irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa. 

San Inazio bigarrena da gaur, abuztuak 1, eta azpeitiarrak festen azken txanpan sartu dira dagoeneko. Egunari ekiteko, Udal ordezkariek harrera egin diete Loiolan Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko agintariei. Loiolan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Arantza Tapia eta Eider Mendoza ahaldun nagusia. Bitarte horretan, elkarretaratzea egin dute Sañu Bizirik taldeko kideek Loiola atarian, mendietan eolikorik ez dutela nahi aldarrikatzeko. Ondoren, 11:00etan hasita, meza nagusia izan da Loiolako basilikan. 

Alde Zaharrean bestelakoa izan da giroa. Plazan, 12. Bakailao Txapelketa jokatu dute Haujijijai festa batzordeak antolatuta. Jende ugari bertaratu da plazara txapelketa ikustera, eta ohi bezala, ikusmina sortu du. Aurten, 18 taldek parte hartu dute sariketan, eta giro ederrean prestatu dute bakailaoa. 

Asier Aizpuru eta Antton Uranga izan dira aurtengo txapelketaren irabazleak, eta haiek jantzi dute txapela. Sorpresaz hartu dute epaia, ez baitzuten saria irabazterik espero. Elkarterik onenaren koilara, aldiz, Zulo Zabalek berreskuratu du, Oilo Soro soziedadean urtebete pasatu ostean. Aitor Bastidak eta German Bastidak eraman dute saria beste urte batez. Txapelketa amaitzean, parte-hartzaileek bazkaria egin dute Azoka Plazan.