Santioak eta saninazioak 2023

Antton Uranga eta Asier Aizpuru zein Zulo Zabal elkartea izan dira Bakailao Txapelketako irabazleak

Nerea Uranga 2023ko abu. 1a, 14:28

Hemezortzi bikotek parte hartu dute saninazioetako XII. Bakailao Txapelketan. Jende asko ibili da plazan lehiaketak irauten zuten bitartean, eta Aire ahizpek kantu saioa eskaini dute.

San Inazio bigarreneko XII. Bakailao Txapelketa egin da herriko plazan gaur eguerdi artean, Haujijijai batzordeak antolatuta. Hemezortzi bikotek parte hartu dute lehiaketan, eta irabazlea aukeratzeko nahikoa lan izan dute epaimahaiko kideek. Aurtengoan epaimahaia Joxean Urdanpilletak, Maje Ostolazak eta Marijo Bereziartuak osatu dute.

Hamabiak jo orduko hasi dira parte hartzaileak bakailaoaren prestaketan, eta jende asko inguratu da txapelketa jarraitzera; gomendioak eta aholkuak ematen jardun duenik ere izan da. Giro polita sortu da plazan. Partaideak orduari begira, eta bakailaoaren saltsa loditzen ari ziren bitartean, Aire Ahizpak taldeak jardun du kantuan bai kalean, baita plazako kioskoan ere.

Kantu saioa bukatu orduko jakinarazi dituzte XII. Bakailao Txapelketaren irabazleak. Txapeldunak Antton Uranga eta Asier Aizpuru izan dira, eta horiek txapel bana eta Kiruri jatetxean lau lagunentzako otordua irabazi dituzte. Bigarren saria Arantxa Olazabalek eta Mila Urangak irabazi dute; Larrañaga jatetxean bi lagunentzako otordua jaso dute sari bezala. Hirugarren saria, berriz, Ainhoa Alberdik eta Miren Altunak eskuratu dute, sari gisa ardo botilak jasoz. Elkarteen saria, berriz, aurtengoan Zulo Zabal elkarteko German Bastidak eta Aitor Bastidak jaso dute. Era horretan, txapelketako koilara Oilosorotik Zulo Zabalera eraman dute.

Urangak eta Aizpuruk bigarren aldiz parte hartu dute Bakailao Txapelketan, eta bigarrenean aurreneko aldian baino hobeto atera zaiela aitortu dute: "Gaur saltsa iaz baino hobeto atera zaigu". Aurretik bakailaoa pil-pilean prestatzeko saiorik ere egin dute biek, hala adierazi dute: "Txapelketan parte hartu aurretik beste behin prestatu izan dugu entrenatzeko".

Elkartean Bakailao Txapelketako koilararentzako "leku aproposa" dutela adierazi dute Zulo Zabal elkartekoek koilara jasotakoan:"Primeran gelditzen da gure elkartean". Aurrez ere hainbat urtetan irabazi dute elkarte horretakoek txapelketako koilara: "Gure elkartean maila handia dago sukaldean, eta beste urte batzuetan beste elkarteko kide batzuek eskuratu izan dute koilara".

Sari banaketaren ostean, Bakailao Txapelketako bazkaria egin dute Azoka Plazan. Arratsaldean festak segida izango du Azpeitian, besteak beste, bigantxak Garbijai kale animazioa, zezenketa, txaranga eta kontzertuak izango dira goizaldera bitartean.

Gaurko egitaraua:

12:00. Aire Ahizpak kalez kale.

12:00. XII. Bakailao Txapelketa, plazan.

12:30. Arratsaldeko zezenketako zezenen aukeraketa.

15:00. Bakailao Txapelketako bazkaria, Azoka Plazan.

Ondoren, bakarrizketa saioa.

17:30. Bigantxak, Done Jakue kalean.

18:00. Garbijai kale animazioa, Balentina Agirre plazan.

18:30. Zezenketa, zezen plazan.

19:00. Los Pasai txaranga.

20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.

22:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.

22:00. Obaneuke taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.

22:00. Pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.

23:30. Bulego taldearen kontzertua, plazan.

01:00. Rodeo taldearen kontzertua, txosnagunean.

02:30. Maixa eta Malakiasen kontzertua, txosnagunean.