Santioak eta saninazioak 2023

Zezenketak eta Tio Teronen Semeak izan dira arratsalde partean ikusmin handiena sortu dutenak

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 31a, 20:01

Checkboyz, Puro Relajo, Chambao, Mehatxuka eta Istilu taldeen kontzertuak, profesionalen pilota partidak eta su festak dira datozen orduetarako antolatuta dauden gauzetako batzuk. Festez gozatzen jarraitu nahi dutenek, ez dute aitzakiarik.

San Inazio eguna da gaur, festetako egun handiena, eta eguraldi ederra lagun, azpeitiarrek ez dute kaleko giroaz gozatzeko aukera galdu nahi izan. Eguerdira bitartean jende asko ibili da kalean, baina bazkalorduan lasaitasuna izan da nagusi; hain zuzen, familia askotan bazkaria egitea delako San Inazio eguneko ohitura. 17:00ak alderako, baina, atzera berriz kalera bueltan zen jendea, eta izan dute non aukeraturik.

Done Jakue kaleko bigantxak izan dira arratsaldeko egitarauari hasiera eman diotenak, 17:30ean. Handik orduerdira, zezen plazarako kalejirak erakarri ditu herritar askoren begiratuak, eta kalejira zezen plazara iritsi denean, zezenketei eman diete hasiera. Gaurkoan, Murteira Grave ganadutegiko zezenak atera dituzte plazan, eta David de Miranda, Jesus Enrique Colombo eta Angel Tellez toreatzaileak izan dira haien aurrean jarri direnak. Zezen plazaren kanpoaldean, berriz, Oinatz elkarte animalistak deituta, hainbat herritarrek zezenketen kontra elkarretaratzea egin dute.

Bien bitartean, Matxinada plazan karaokea egin dute haurrek eta gaztetxoek, eta txandaka-txandaka, azkenerako dexente izan dira oholtza gainera igo eta jendearen aurrean kantatzeko ausardia izan dutenak.

Zezenketen garai berean, Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua dantza emanaldia eskaini du plazan, dozena eta dozenaka herritar begira zituzten bitartean. Zezenketekin batera, gaur arratsaldean herritar gehien batu duen jarduera izan da, dudarik gabe.

Datozen orduetan ere giroak goian jarraituko du, festak ez baitu etenik izango. Hemen gaur arratsaldeko eta gaueko festa egitaraua:

  • Gaur, astelehena, San Inazio eguna
    • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera.
    • 20:30. Parrillada, plazan.
    • 22:00. Checkboyz taldearen kontzertua, txosnagunean.
    • 22:00. Puro Relajo taldearen emanaldia Olazko Andre Mariaren plazan.
    • 22:00. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
    • 23:00. Su festa, Izarraizko Atea parkean.
    • 23:30. Chambao taldearen kontzertua, plazan.
    • 00:30. Mehatxuka taldearen kontzertua, txosnagunean.
    • 02:00. Istilu taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • Abuztuaren 1a, asteartea, San Inazio bigarrena
    • 10:00. Izarraitz txistulari taldearen, Azpeitiko Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen goiz eresia.
    • 10:30. Herriko agintariek harrera egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, Loiolan.
    • 10:30. Sañu Biziriken elkarretaratzea, Loiolan.
    • 11:00. Meza, Loiolako basilikan. Parrokiako Abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, eta Itziar Urbietak joko du organoa.
    • 12:00. Aire Ahizpak kalez kale.
    • 12:00. XII. Bakailao Txapelketa, plazan.
    • 12:30. Arratsaldeko zezenketako zezenen aukeraketa.
    • 15:00. Bakailao Txapelketako bazkaria, Azoka Plazan.
    • Ondoren, bakarrizketa saioa.
    • 16:30. Gaztetxoen patata tortilla txapelketa, Matxinada plazan.
    • 17:30. Bigantxak, Done Jakue kalean.
    • 18:00. Garbijai kale animazioa, Balentina Agirre plazan.
    • 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
    • 19:00. Los Pasai txaranga.
    • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
    • 22:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
    • 22:00. Obaneuke taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
    • 22:00. Pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
    • 23:30. Bulego taldearen kontzertua, plazan.
    • 01:00. Rodeo taldearen kontzertua, txosnagunean.
    • 02:30. Maixa eta Malakiasen kontzertua, txosnagunean.
  • Abuztuak 2, asteazkena, San Inazio hirugarrena
    • 06:00. Incansables txaranga Alde Zaharrean.
    • 07:00. Bigantxak Done Jakue kalean.
    • 08:30. Suziriarekin, jaien bukaera.