Santioak eta saninazioak 2023

Heriotzari berari ere umorez begiratuta, euskal dantzarekin jolasean

Ainara Otegi (Gipuzkoako Hitza) 2023ko uzt. 31a, 08:00

Tio Teronen Semeak taldeko dantzariak iaz plazan.

Tio Teronen Semeak dantza taldeak Festamentua ikuskizuna emango du gaur arratsaldean, 18:30ean hasita; "jende asko" bildu zuten iaz. Gipuzkoako Hitzan taldeaz erreportajea egin dute.

Tio Teronen Semeak dantza taldea Azpeitiko Plaza Nagusira itzuliko da gaur, uztailaren 31n, justu urtebete geroago. Festamentua ikuskizuna emango du, 18:30ean hasita. "Iaz sekulako jendetza zegoen plazan, eta oso arrakastatsua izan zen emanaldia", esan du Aritz Salamanca Tio Teronen Semeak taldeko kideak. Antzeko erantzuna espero dute gaurkoan ere. Uztailaren 31 San Ignazio eguna izanik, aurten ere "jende asko" joango dela uste du Salamancak: "Sekulako giroa egongo da".

2015ean sortu zuten Tio Teronen Semeak taldea, Donostiako Olatu Talka jaialdian. Euskal dantzako hainbat taldetako kideak elkartu ziren ekainaren 13an Donostiako Konstituzio plazan, Freshcool ikuskizuna emateko. Emanaldia arrakastatsua izan zen, eta udal batzuek eskaera egin zieten, ikuskizuna euren udalerrietan egiteko. Hori dela eta, egun bakarrerako izan behar zuen ikuskizuna luzatzea erabaki zuten taldekideek.

Dantzaren arloan umorea falta zela gogoratu du Salamancak, eta, hain zuzen ere, haren hitzetan, umorea da Tio Teronen Semeak taldearen bereizgarri nagusia; hala, umorearen bitartez, "dantza ikusteko eta dantzarekin disfrutatzeko" aukera izaten dute ikus-entzuleek. Izenaren jatorriak, berriz, lotura zuzena dauka euskal dantzarekin: dantzari eta Euskal Herrian entzuten den fonemari egiten dio erreferentzia; euskal dantzak abesteko fonemari.

Euskal dantzako talde askotan emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago izaten dira normalean, eta askok zailtasunak izaten dituzte gizonezko dantzariak aurkitzeko. Tio Teronen Semeak taldearen kasuan, ordea, guztiz kontrakoa gertatzen da: taldeko hemeretzi kideetatik bakarra da emakumezkoa. Euskal dantzetan "eroso" sentitu arren, urte askoan gizonezkoen presentzia handiagoa faltan izan dutela azaldu du Salamancak. Gaineratu du Tio Teronen Semeak sortu zutenerako taldekide guztiek elkar ezagutzen zutela, eta horrek lagundu egin ziela pausoa ematen: "Dantza talde batzuek mutilak behar zituztenez, batetik bestera ibili izan gara gu. Mutilen bilaketa horretan, lagun bihurtu ginen azkenerako". Hala ere, dantzarien sexua kontuan hartu izana ukatu du: "Azken finean, txikitero kuadrilla baten irudi estereotipatua islatu nahi zuen taldeak".

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.