Santioak eta saninazioak 2023

Profesionalak, afizionatuak eta gaztetxoak eskutik, Izarraitzeko biharko pala jaialdian

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 31a, 09:05

Oier Alkorta (eskubian) Necolekin, artxiboko irudian. Bihar herrian jokatuko du azpeitiarrak. (Innpala)

22:00etan hasiko da biharko jaialdia. Ibarguren eta Ibai Perez Maldonado eta Oier Alkorta azpeitiarraren kontra lehiatuko dira jaialdiko partida nagusian, baina Ilunpe Erreminta saileko gaztetxoak zein seniorrak jokoan ikusteko aukera ere izango da. Sarrera 5 eurotan jarri dute.

Esku pilotako goi mailako izarrak ez ezik, palista profesionalak ere kantxaratuko dira aurtengo saninazioetan Izarraitz pilotalekuan.

Bihar izango da palaren txanda Izarraitzen. 22:00etan hasiko da jaialdia, eta Ibarguren eta Ibai Perez Maldonado eta Oier Alkorta azpeitiarraren kontra lehiatuko dira jaialdiko partida nagusian, profesionalen mailakoan. Aurretik eta ondoren, berriz, Ilunpe Erreminta saileko palistak izango dira protagonista. Profesionalen partidaren aurretik, Ilunpeko sei palista gaztetxo ariko dira jokoan. Jaialdia osatzeko, berriz, afizionatu mailako neurketa jokatuko dute profesionalen partidaren ondoren, eta elkarren kontra ariko dira Martija eta Lopetegi azpeitiarrak: Letamendia atzean duela ariko da Martija, eta Ibarguren izango da Lopetegiren aurrelaria.

Sarrerak 5 eurotan jarri dituzte, eta bihar bertan erosi ahal izango dira Izarraitz pilotalekuko leihatilan.