Aldarrikapenez eta ekintzaz beteta dator Emakumeen Nazioarteko Eguna

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 7a, 11:34

2019ko Martxoaren 8an plazan osatu zuten mosaiko feminista. (Maialen Etxaniz)

Hezkidetza Foroak zein Ikasle Abertzaleek (IA) antolatuta, herriko ikastetxeetan M-8arekin lotutako hainbat hitzordu izango dituzte. Bazkaria, bingo musikatua eta kontzertu akustikoa ere antolatu ditu IAk Azoka Plazan, eta Itaiak deituta manifestazioa irtengo da 19:30etik plazatik. Ordu berean, 2023ko Euskal Herriko Ezker Paretako Kluben arteko txapelketaren finalak jokatuko dituzte Izarraitzen. Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan, berriz, erakusketa irekiko du Fatiha Hajji Babak.

Zaintza elkarbanatzearen eta emakume langileen antolakuntzaren aldeko deiekin dator Martxoaren 8a Azpeitira. Bihar da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta eragile desberdinek antolatutako askotariko ekintzak izango dira egunean zehar.

Horietako asko herriko ikastetxeetan garatuko dituzte. Hezkidetza Foroaren bidez, eta M-8aren bueltan, pobrezia eta zaintzaren inguruko lanketa egiten ari dira ikastetxeetan, Indarrak batuz, zaintza elkarbanatu! leloarekin; bihar, ikastetxe barruko mailaz mailako lanketaz gain, ikastetxe bakoitzak horma irudi bat margotuko du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pobreziak emakumeengan "eragin handiagoa" duela gogorarazi du Hezkidetza Foroak, "faktoreen konbinazio baten ondorioz"; gizonen eta emakumeen soldaten desberdintasuna –emakumeek gizonek baino %24 gutxiago irabazten dute batez beste, Emakumearen Euskal Erakundeak egindako Soldata arrakala eta kristalezko sabaia txostenaren arabera–, lan merkatuan gutxiago parte hartzea, lan prekarioak, zaintza erantzukizunak eta genero diskriminazioa daude, besteak beste, aipatutako faktoreen artean.

Emakumeek "lan prekarioetan eta gaizki ordaindutakoetan" aritzeko aukera gehiago dituztela gaineratu du Hezkidetza Foroak, lanaldi partzialean edo soldata baxuak dituzten sektoreetan. "Lan horiek ez dute finantza egonkortasun nahikorik eskaintzen, eta emakumeei ez diete uzten aurrezten edo etorkizunean inbertitzen", nabarmendu du Hezkidetza Foroak. Horrekin batera, ohartarazi du "ordaindu gabeko zainketen kargak ere eragina izan dezakeela emakumeen osasunean".

Mobilizazioak eta ospakizuna

Herriko ikasleei zuzenduta eta Zapalkuntza orotik askatzeko, emakume langile antolatu! leloarekin antolatu ditu Ikasle Abertzaleakek (IA), bere aldetik, hainbat ekintza. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan hitzaldi eta elkarretaratze bana egingo dituzte goizean zehar. Ondoren, Azoka Plazan elkartuko dira ikastetxe guztietako ikasleak. Han, 15:00etan hasita, bazkaria, bingo musikatua eta kontzertu akustikoa izango dituzte.

Eta eguna bukatzeko, Itaiak antolatuta egingo den eguneko mobilizazio nagusian parte hartzeko deia egin du IAk: 19:30ean, plazatik abiatuta, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki leloarekin egingo den manifestazioan.

Pilota finalak eta erakusketa

2023ko Euskal Herriko Ezker Paretako Kluben arteko txapelketaren finalak ere bihar jokatuko dira Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, eta horiek ere Emakumeen Nazioarteko Egunaren egitarauari gehitu dizkiote.

19:30etik aurrera, bi final jokatuko dituzte. Lehendabizikoan, eskuz binakako Ohorezko Mailakoan, Aldai eta Gaminde (Lea Ibarra A) Larrarteren eta Erasunen (Behar Zana) kontra ariko dira. Bigarren partida, berriz, zesta puntako Ohorezko Mailako finala izango da: Mugartegi-Lejardi (Markina A) eta Gogenola-Aldazabal (Berriatua) lehiatuko dira txapelaren bila. Sarrera doan izango da eta "herritarrak finala ikustera animatu" ditu udalak.

Era berean, bihar 18:00etan irekiko dute Fatiha Hajji Baba artistaren lanekin erakusketa Foru Ibilbideko udal aretoan . Martxoaren 19a arte ikusgai izango da erakusketa, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Egitaraua

Hau da aurtengo Martxoaren 8an ikastetxeetatik kanpo antolatu dituzten ekintzen egitaraua:

  • 15:00. Ikasleen bazkaria Azoka Plazan, IAk antolatuta.
  • 17:00. Bingo musikatua, IAk antolatuta.
  • 18:00. Fatiha Hajji Babaren erakusketaren irekiera, Foru Ibilbideko udal aretoan.
  • 18:30. Kontzertu akustikoa, IAk antolatuta.
  • 19:30. Manifestazioa, plazatik abiatuta, Urola Erdiko Itaiak deituta.
  • 19:30. 2023ko Euskal Herriko Ezker Paretako Kluben arteko txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.