Karnabalak 2023

Suzko zezenaren azken txinpartekin itzaldu dira karnabalak

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 21a, 21:00

Sokamuturra eta magia ikuskizuna izan dituzte aukeran azpeitiarrek festa luzeen azken ordu ajetsuetan.

Bukatu dira karnabalak. Ostiraletik gaur arte, igandea eta astelehena egun nagusi izanda, festan murgilduta ibili dira azpeitiarrak. Gaur, Astearte Karnabalean ohikoa denez, aurreko bi egunetan baino apalagoa izan da jai giroa; baina, hala ere, herritar ugari ibili da kalean, festetako azken orduak ondo zukutzeko prest.

Mozorrotuen azken hondarrak ezkutatuta, sokamuturraren azken ibiliaren eta Sun magoak Sanagustinen eskaini duen ikuskizunaren artean banatuta ibili dira herritarrak Astearte Karnabal arratsaldean, eta txaranga doinuak ere ez dira falta izan.

Iluntzeko zortzietan sokamuturraren amaierako suziriak eztanda egin duenerako, jende asko zegoen plazan, haurrak nagusi, karnabalen agurreko ekitaldirako, suzko zezenerako. 20:15erako agertu da plazan, Irulitxa txaranga eta sokamutilak aurretik zituela, suzko zezena. Plazan bueltaka ibili da txinparta eta eztanda artean, ihesi korrika ibili diren neska-mutilen gozamenerako. Hamar bat minutu iraun du su festak, eta horrela bukatu dira aurten ere karnabalak.

Eta bihar, oraindik edo dagoeneko, asteazkena.