Karnabalak 2023

Jolasak eta zezena, Astelehen Karnabal arratsalderako

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 20a, 18:43

Izarraitz pilotalekuan umeentzako askotariko jolasak eta jokoak aukeran izan dira 16:00etatik aurrera, eta sokamuturra kalez kale dabil 16:30ak ezkero, mozorroen gau luzearen atariko.

Eguerdiko mozorro desfile jendetsua eta gero (hemen, argazkiak eta bideoa), bazkalondoan aurki hasi dira berriro festa ekitaldiak herrian. Izarraitz pilotalekua jolastoki handi bilakatu da 16:00etatik aurrera. Puzgarriak, bideo-jokoak, 3D jolasak... aukeran izan dituzte han haurrek eta gaztetxoek arratsalde osoan.

16:30etik, berriz, sokamuturra kalez kale dabil bigarren egunez jarraian; lehen zezena kamioitik ateratzear zela protesta laburra egin dute herritar batzuek hantxe, Erdikale barrenean.

Jai egitarauaren hitzordu batetik bestera, eguerditik hasita, mozorroz betetzen doa Azpeitia, astelehenetik asteartera bitarteko gau luzerako prestatzen. Hau da bihar goizaldera arte karnabaletako egitarauak emango duena:

  • 18:30. Deiadar txaranga kaleetan.
  • 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.
  • 20:00. Mozorro lehiaketaren hasiera.
  • 20:00. Davila DJa, plazan. Gainera, Vertical perkusio taldearen kalejira.
  • 23:30. Oihan Vega DJa, plazan.
  • 00:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan.
  • Ondoren, Perculights perkusio taldearen emanaldia, kaleetan zehar.
  • 00:30. Los Pasai txarangaren emanaldia kaleetan.
  • Ondoren, Itsasiko ttuntturroak kaleetan.
  • 05:00. Baratxuri zopa jana, Azoka Plazan.
  • 06:00. Udal Musika Bandaren eskutik, goiz eresia.
  • 07:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Bergarako zezenak.

(Argazkiak: Julene Frantzesena)